Eichmann Jerusalemen: Gaizkiaren hutsalkeria aztergai
Eichmann eta Holokaustoa
Adolf Eichmann Holokaustoa diseinatu zuen nazi alderdiko kargu gorenetakoa zen. Gerra amaitzean Argentinara egin zuen ihes; bertan, Mossadeko komando batek bahitu eta Jerusalemera eraman zuen hegazkinez, nazioarteko legeak hautsiz, 1960an. Hurrengo urtean epaitu, erruduntzat jo eta heriotza-zigorra ezarri zioten, 1962an gauzatu zena.
Hannah Arendten analisia: "Eichmann Jerusalemen"
Eichmann Jerusalemen obran, Arendtek Eichmann gizaki arrunta dela argitu ondoren (ez da munstro maltzurra, ez antisemita amorratua, ez soziopata azkarra…), galdera honi erantzun nahi dio: nola da posible pertsona batek milaka pertsonaren heriotza agintzea?
Defentsaren argudioak
Pentsalariak Eichmannen defentsak erabilitako bi argudiori erreparatuko die:
- Estatu-arrazoia: Norbanakoaren etika eta estatuaren etika ez daude maila berean; hortaz, estatuek salbuespen gisa hainbat erabaki hartu ditzakete (eskubideen urraketak, biolentzia, erailketak…). Arendten ustez, estatu totalitarioak salbuespen horiek eguneroko bilakatzen ditu.
- Aginduak betetzea: Eichmannek Kanten inperatiboaren interpretazio interesatu baten bitartez, ardura guztia Hitlerri leporatu nahi izan zion.
Erailketa administratiboaren normalizazioa
Historian zehar adibide ugari daude non legeak (zibilak eta militarrak) aginduak ez betetzea onartzen duen, horiek legearen aurka doazenean. Baina, Eichmannen kasuan, aginduak estatu totalitarioaren barruan zeuden; ez zuen gatazkarik bizi zentzu horretan. Erailketa administratiboak normalizatzea eta lege bilakatzea estatu totalitarioaren ezaugarri nagusia da.
Gaizkiaren hutsalkeria
Bertan, gizabanakoak legearen legitimitatearekin milaka pertsonaren deuseztatzea sinatu dezake. Hau da gaizkiaren hutsalkeria. Eichmannek sisteman milaka gizabanakoren suntsipena ekarri zuten aginduak emateko erosotasuna aurkitu zuen; hausnarketa gabe ekiteko erosotasuna eman zion estatu totalitarioak.
Hausnarketa-falta hau da Eichmann errudun bilakatzen duena. Estatuaren izenean eta legea jarraituz jokatu bazuen ere, askatasuna zuen erailketa administratiboen ondorioen inguruan hausnartu eta hauen gaineko erabakiak hartzeko. Honi garrantzirik ez ematea eta gaitza hutsalkeria bilakatzea da bere krimen handiena.