DNA, RNA eta Erreplikazioa: Informazio Genetikoa

Biologia3,15 KB

DNA eta Azido Nukleikoak

Zer da DNA?

DNA edo azido desoxirribonukleikoa informazio genetikoa gordetzen duen molekula da. Bikoiztu egin daiteke, informazioa belaunaldiz belaunaldi transmititzeko, eta une bakoitzean zein proteina sintetizatzen diren zehazten du.

DNAren kokapena eta egitura orokorra

  • Zelula eukariotetan: Nukleoan egoten da, proteinei lotutako bi kate linealek osatuta. Kromatina sortzen du, eta kondentsatzean, kromosomak eratzen dira.
  • Zelula prokariotetan: Bakterio-kromosoma kate bikoitz biribila izan ohi da eta ez du mintzik izaten inguruan. Gainera, bakterio askok kromosoma gehigarriak izaten dituzte, txikiagoak eta biribilak direnak: plasmidoak.
  • Birusetan: DNA molekula sinplea edo bikoitza eta lineala edo biribila izan daiteke, eta proteinezko estalki baten barruan egoten da.

DNAren Konposizio Kimikoa

DNA azido nukleiko mota bat da. Nukleotidoz osatuta dago, eta nukleotido bakoitzak hiru osagai ditu:

  1. Base nitrogenatua
  2. Pentosa (desoxirribosa)
  3. Azido fosforikoa

Base nitrogenatuak lau dira: Adenina (A), Timina (T), Guanina (G) eta Zitosina (C).

DNAren Egitura

DNAren egitura bera da zelula gehienetan, ez hala zenbait birusetan, ordea. Francis Crick eta James Watson izan ziren DNAren egitura zehaztu zutenak, Maurice Wilkins-en eta Rosalind Franklin-en datuetan oinarrituta.

RNA (Azido Erribonukleikoa)

RNA edo azido erribonukleikoa beste azido nukleiko mota bat da, izaki bizidun guztiek dutena. Ezaugarriak:

  • Pentosa: Erribosa izaten du beti.
  • Base nitrogenatuak: Adenina, Guanina, Zitosina eta Uraziloa (Timinaren ordez).
  • Egitura: Polinukleotido-kate bakar batez osatuta egoten da, eta ez du egitura jakinik, DNAk ez bezala.
  • Kokapena: Zelula eukariotetan, RNA nukleoan eta zitoplasman egoten da. Prokariotoek ez dute nukleorik.

DNAren Erreplikazioa

Zelularen bizi-zikloan zehar, DNA kate bakoitzak bere buruaren kopia bat egiten du, zelula alaba guztiei bere informazioa transmititu ahal izateko. Prozesu horri DNAren erreplikazioa deritzo. Kate berriak sortuko dituzten nukleotidoak behar dira, bai eta prozesuan parte hartuko duten entzima jakin batzuk ere.

Erreplikazio Prozesuaren Ezaugarriak

  • Erreplikazioaren hasieran, bi kateen base nitrogenatu osagarriak lotzen dituzten hidrogeno-loturak hausten dira.
  • Bi DNA kateak banandu eta beren buruaren kopia bat sintetizatzen dutenean eratzen den begiztari erreplikazio-burbuila deritzo.
  • Erreplikazioaren emaitza jatorrizko molekularen ezaugarri berdineko bi DNA molekula berdin-berdinak dira.

Erreplikazio Semikontserbakorra

Erreplikazio-prozesua erdikontserbakorra (semikontserbakorra) da, DNA kate bakoitzak kate osagarri bat eratzeko molde gisa funtzionatzen baitu. Sortzen diren DNAzko helize bikoitzek bikoiztutako kromosoma baten kromatida bikietako bat osatzen dute.

Deskargatu

PDF Word HTML