Digestio-Aparatua: Funtzioak, Anatomia eta Prozesuak
Digestio-Aparatuaren Funtzio Nagusiak
- Janariak mantenugai bihurtu arte eraldatzea.
- Mantenugaiak xurgatzea zelulak elikatzeko.
- Digeritu gabeko hondakinak prestatu, ondoren kanporatuak izateko.
Digestio-Aparatuaren Anatomia Orokorra
Elementu Nagusiak
Digestio-Hodia
10 edo 12 m-koa da eta bi muturretan kanpoaldera irekia da. Honen barruan daude: ahoa, faringea, hestegorria, urdaila, heste meharra eta heste lodia.
Guruin Erantsiak
Elikagaien digestioa lortzeko zenbait substantzia jariatzen dituzte.
- Listu-guruinak: Ahoan daudenak.
- Pankrea eta gibela: Heste-meharrari lotuta.
Digestio Motak
Digestio Mekanikoa
Elikagaiak moztu, txikitu eta nahasi egiten dira. Batik bat, ahoan eta urdailean gertatzen da, horretarako hortzak eta muskuluak ditugu. Eraldaketa fisikoa da.
Digestio Kimikoa
Listuan eta urineetan dauden substantziek elikagaiak digeritzen dituzte, substantzia sinpleagoak askatuz. Eraldaketa kimikoa da.
Organoen Anatomia Zehatza
Ahoa
Elikagaiak digestio-hodian sartzeko barrunbea da. Ahoan, mihia eta hortzak daude. Hortzek elikagaiak txikitzen dituzte; mihiak elikagaiak mugiarazi eta listuarekin nahasten ditu elikadura-boloa sortzeko.
Faringea
Faringea lepoan dago, laringearen atzealdean. Ahoa du goialdean, eta hestegorria behealdean. Epiglotisa laringearen hasieran izaten den kartilagoa da. Mihiaren atzealdeari lotuta dago eta zerbait irenstean trakea ixten du, horrela elikagaiak arnas-aparatura sar ez daitezen.
Hestegorria
Faringetik urdailera doan hodi gihar-tsua da. Muskuluek sortutako mugimendu peristaltikoen bidez elikadura-boloa aurrera doa.
Urdaila
Digestio-hodiaren zabalgunea da; goialdean hestegorriarekin lotuta dago kardia izeneko esfinterraren bidez eta behealdean heste meharrarekin, piloroaren bidez. Esfinterrek substantzien irteera eta sarrera kontrolatzen dituzte. Elikagaien digestioa jarraitzeko, urdailak hormetan muskulu gogorrak eta guruinak ditu. Guruinek urin gastrikoa eta azido klorhidrikoa jariatzen dituzte.
Urdailean emandako digestioari esker, elikadura-boloa kimo izeneko ahi bihurtzen da.
Urdailean xurgapena eskasa da, baina ura, aspirina eta alkohola xurgatzen dira. Horregatik, alkohola berehala detektatzen da kontroletan.
Heste Meharra
Sei metro ingurukoa da. Hiru zati ditu: duodenoa, jejunua eta ileona. Duodenoan kimoa hesteetako urinekin, gibelak sortutako behazunarekin eta pankreako urinekin nahasten da. Nahaste horren ostean, kimoa kilo bihurtzen da. Kiloan zelulek behar dituzten mantenugaiak daude. Horregatik, heste meharreko paretak heste-biloak ditu mantenugaien xurgapena hobeto egiteko. Xurgatuak izan ondoren, odolera pasatzen dira zelula guztiei nutrienteak eramateko.
Heste Lodia
Digestio-hodiaren azken zatia da, uzkian amaitzen da. Hiru zati ditu: heste itsua (hasieran apendize bermiformea dago), kolona eta ondestea.
Heste lodian xurgapena eskasa da (ura eta gatz mineralak soilik). Heste lodian digeritu ez diren substantziek gorozkiak osatzen dituzte eta heste loditik mugitzerakoan prestatzen dira kanporatuak izateko. Heste lodian dauden bakterioek K eta B bitaminak ekoizten dituzte.
Guruin Erantsiak Xehetasunez
Listu-Guruinak
Ahoan daude, hiru guruin pare: mihiazpikoak, barailapekoak eta parotidak. Hauek listua sortzen dute.
Gibela
Behazuna ekoizten du lipidoak liseritzeko. Detoxifikazioaz eta gaien iraizpenaz arduratzen da.
Pankrea
Organo honek funtzio bikoitza du: alde batetik, pankrea-urina ekoizten du digestioan laguntzeko, eta beste aldetik, hormonak jariatzen ditu, esaterako, intsulina eta glukagoia, odolean azukre-kantitatea erregulatzeko.