Clara Campoamor eta Emakumeen Sufragioa (1931)
Sarrera
Aurrean duguna Espainiako Gorte konstituziogileetan, 1931ko irailaren 1ean egindako diskurtso bat da. Egilea Clara Campoamor madrildarra, abokatua, ideologia errepublikanokoa eta feminista, ideia sozialisten hurbilekoa baina afiliatu gabekoa. 1931ko Gorte konstituziogiletan, Alderdi Errepublikanoarekin aurkeztua, diputatu izatea lortzen du. 1936an estatu kolpearen ondoren ihes egingo du atzerrira eta bertan hilko da, izan ere, gobernu frankistak ez zuen bere itzulera inoiz baimendu.
Dokumentu publikoa da, parlamentarioei bideratuta, eta horien bitartez Espainiako herritar guztiei. Ideia nagusia emakumeen sufragioa defendatzea da, hainbat argudio erabiliz.
Lehen mailako dokumentua da. Edukiari dagokionez soziopolitikoa eta diskurtso bat da.
1931ko irailaren 1ean publiko egin zen Gorte Konstituziogileetako egunkarian, Madrilen; une hartan konstituzioa idazten ari zen. Espainia osoan izango du eragina, batez ere, emakumeen egoeran.
Testuinguru Historikoa
Historikoki kokatzeko, 1931ko ekainaren 12an izandako udal hauteskundeei eta bertan lortutako emaitzei buruz hitz egin behar da. Hauek monarkiari buruzko plebiszitoa bihurtu ziren. Probintzietako hiriburuetan errepublikazaleek lortu zuten garaipena eta hortik bi egunetara Errepublika aldarrikatu zen. Beraz, erregimen aldaketa eman zen, monarkia izatetik Errepublika izatera pasa zen Espainia.
Ondoren, errepublikazaleek eta sozialistek osatutako Behin-behineko Gobernua eratzen da, Niceto Alcalá Zamora gobernuko presidente izango delarik (“Donostiako Itunean” parte hartu zutenak). Kanpoan geratu ziren eskuineko monarkikoak, euskal nazionalistak, anarkistak, komunistak. Hauen helburu nagusia hauteskundeak deitzea izan zen, Gorte Konstituziogileak eratzeko. Horrez gain, hainbat erreforma proposatu ziren: amnistia orokorra preso politikoentzat, askatasun politiko eta sindikalak aldarrikatu ziren (alderdi politiko asko sortuz), nazionalistekin (euskal eta katalanak) negoziatzen hasi ziren gobernu autonomoak eratzeko, nekazaritza, hezkuntza, armada erreformak, ordena publikoa mantentzeko Eraso Guardia polizia armatua sortu…
Gorte Konstituziogileetarako hauteskundeak ekainaren 28an izan ziren. Gizonezko sufragio unibertsala aplikatu zen, adin nagusitasuna 23 urtekoa. Parte-hartzea oso handia izan zen (%70), egindako lehenengo hauteskunde aske eta garbiak. Hauteskunde hauetatik errepublikanoen eta sozialisten arteko koalizioa atera zen garaile eta hauek arduratuko dira Estatu berria osatzeko beharrezkoa izango den Konstituzioa idazten. Diputatuen artean intelektual batzuk, Unamuno… eta baita emakume batzuk ere. Hauek ezin izan zuten boto eman, baina bai aukeratuak izan: Margarita Nelken (sozialista) eta Victoria Kent eta Clara Campoamor (errepublikanoa), hitzaldi honen egilea.
15 diputatuk osatutako batzordea sortu zen konstituzio berria lantzeko. Konstituzioa Behin-behineko Gobernuaren garaian hasi zen idazten eta “Biurteko Erreformistan” garatua izango da. Honen oinarrizko puntuak dira:
- Giza eskubideen defentsa.
- Espainia Errepublika demokratikoa izango dela eta subiranotasun nazionala dela.
- Botere antolaketa berria: Botere banaketa, honako hau izango da: Ganbara bakarra: botere legegilea; Estatuaren buruzagitza presidentearen esku ministro kontseiluarekin batera: botere betearazlea (6 urtetarako aukeratua); Epaileen auzitegien autonomia eta independentzia zen justiziaren oinarria.
- Sufragio unibertsala: adin nagusitasuna 23 urterekin eta botoa emakumeentzat ere.
- Autonomia estatutuak izateko aukera. Ezaugarri historiko edo kultural komunak dituzten probintziek autonomia estatutua eskatzea, beti Estatuaren nagusitasuna errespetatuz.
- Estatu eta Elizaren arteko banaketa. Ezkontza zibilak eta dibortzioa onartu.
- Jabetza pribatua onartu, baina interes nazionalaren menpe.
Biurteko Erreformista eta Emakumearen Egoera
Errepublikano eta sozialistek gobernua eratu zuten, “Biurteko Erreformista” izeneko epealdiari hasiera emanez. Niceto Alcalá Zamora presidente aukeratua izango da eta Behin-behineko Gobernuko alderdi politiko berberak mantentzen saiatu ziren.
Epealdi honetan aurrera eramaten hasi ziren 1931ko Konstituzioan oinarritutako erreforma plan zabala (nekazaritza, hezkuntza, erlijioa, armada, langileen legea, autonomia estatutuak…), garrantzitsuenetako bat eta dokumentu honekin lotura duena emakumeen botoari dagokiona.
Ezin dugu ahaztu emakumeen papera garai hartako Espainian bigarren mailakoa zela alor publikoan. Iraultza Liberalekin sortutako “Gizonezkoen” eskubideen aldarrikapenean ez zen ia inoiz kontuan hartzen emakumeek eskubide berdinak izan zezaketenik. Emakumea ez zen, orokorrean, gizonaren pareko kontsideratzen, menpekoa baizik. Hezkuntza minimo batekin nahikoa zutelako ideia orokortua zen garaiko gizartean, eta gehienbat etxeko lanetarako trebakuntzaren beharra zeukatela pentsatzen zen.
II. Errepublikaren garaian zenbait mugimendu daude, batez ere ezkerreko ideologien artean, emakumearen irudi horrekin amaitu nahiko dutenak. Nahiz eta beranduago, Frankismoaren garaian, gauzak atzera egingo duten berriz ere.
Diskurtsoaren Analisia
Dokumentuaren analisiarekin hasteko esan behar dugu Clara Campoamor diputatu kargua lortu ondoren emakumeen boto-eskubidea lortzeko borroka egin zuela. Beste batzuekin batera, Clara Campoamorrek egindako lanari esker lehen aldiz lortu zen Espainian emakumeen sufragioa, etorkizunerako aurrekari garrantzitsua bihurtuz emakumeen eskubideen borrokan eta lorpenean.
Esan bezala, emakumeen boto-emateko eskubidea defendatu nahi du egileak. Lehenengo paragrafoan sufragioa emakumeentzat, gizaki izateagatik duen eskubidea dela, berezkoa zaiona, beraz, esaten du.
Hori oinarritzat hartuta, bigarren paragrafoan, beste hainbat argudio erabiltzen ditu: herri zibilizatuen erabakia dela. Mundu zibilizatu horren barruan sortu daitekeen konstituzioa aurreratuena eta libreena izan daitekeela, Errepublikaren lorpena izango dela, monarkiak inoiz lortu ez zuena, eta azkenik, latindar herrien artean lehena izango dela halako aurrerapena arautzen, izan behar duela alegia.
Ondorioak eta Eragina
Ondorio gisa esango nuke gai hau oso gai gatazkatsua izan zela. Ezkerreko alderdien artean kezka handia zegoen, emakumeen erlijiotasuna zela eta Elizaren eraginpean zeudelako eskuineko alderdiei emango zietelako botoa, hala uste zuten behintzat. Erabiltzen zen beste aitzakia bat emakumeen botoa ukatzeko emakumeen analfabetismo-tasa zen, gizonenganako menpekotasun ekonomikoa… Clara Campoamorren jarrera, eskubideen defentsarena izan zen, alde batera utzita noren alde emango zuten botoa. Victoria Kentek, berriz, gai horren inguruko erabakitzeko unea atzeratzearen aldekoa zen. Aurreproiektuan aukera bereziak egon ziren, batzuk onartzeko prest zeuden baldin eta ezkondu gabeko eta alargunak ziren emakumeei bakarrik eskaintzen bazitzaien. Eztabaida luze eta gogorrak izan ondoren, boto-eskubidea onartua izan zen. 1933an bozkatu zuten lehenengo aldiz emakumeek eta emakumeen boto-emate horretan justifikatu zuten ezkerreko zenbait iritzik eskuinaren gehiengoa. Clara Campoamor galdutako hauteskundeen erantzule gisa seinalatu zuten eta horrek bere heriotza politikoa ekarri zion. Benetako arazoa ezkerreko alderdien estrategia eta batasun falta izan ziren, 1936ko hauteskundeetan Fronte Popularrak lorturiko garaipenak frogatu zuen bezala, emakumeen sufragioa mantendu arren. Clara Campoamorren diskurtso hau garrantzi handikoa izan zen bere garaian, batez ere emakumeen eskubideen borrokan izan zuen emaitzagatik eta esanahiagatik. Diskurtso honen ondorioz 36. artikuluan zehaztu zen bi sexuetako boto-eskubidea, 23 urtetik gorakoentzat. Botoaren lorpena, dibortzioarena bezala (Clarak honetan ere indar handia egin zuen), Errepublikaren garaiko lorpen handia izan zen emakumeentzat, baina denbora gutxirako izan zen; izan ere, Gerra Zibilak eta ondoren ezarritako diktadurak, 1939tik aurrera, lortutako guztia deuseztatu zuen. 40 urtez desagertu ziren aurrerapauso hauek emakumeen eskubideetan, 40 urteko parentesi zabala demokrazia berrezarri arte.