Clara Campoamor: Emakumeen Boto Eskubidea eta II. Errepublika

Historia10,71 KB

Clara Campoamor eta Emakumeen Boto Eskubidea

13. IRUZKINA: Clara Campoamor: Dokumentu hau Gorte Konstituziogileetan egindako hitzaldiaren zati bat da. Egilea Clara Campoamor izeneko emakume bat izan zen. Emakumeen eskubideen alde borrokatu zuen eta 1931ko Gorte Konstituziogileetako hauteskundeetan diputatu kargua lortu zuen lehen hiru emakumeetako bat izan zen. Gorteetan zeuden diputatuei zuzentzen zaie, baina gero publikoa egiten da. Helburua beste diputatu guztiak konbentzitzea da, emakumeen boto eskubidea onartzeko; horretarako hainbat argudio ematen ditu. Lehen mailako dokumentua da, edukiari dagokionez soziopolitikoa eta diskurtso bat da. 1931ko irailaren 1ean Madrilen argitaratu zen, Gorte Konstituziogileetako egunkarian zehazki. Hala ere, Espainia osoan zehar izango du garrantzia. Une honetan II. Errepublika zegoen aldarrikatuta, Biurteko Erreformista garaia, 1931ko Konstituzioa idazten ari zirela.

Dokumentuaren Sarrera eta Analisia

Testuaren analisiari dagokionez, bi paragrafok osatzen dute. Campoamorrek hainbat argudio ematen ditu dokumentuan zehar emakumeen boto eskubidearen alde:

1. Paragrafoa: Gizakia izateagatik Eskubidea

Clara Campoamorrek esaten du emakumeak gizakia izateagatik boto eskubidea eduki beharko lukeela, gizonezkoak bezala. Hautatuak izateko aukera badute, zergatik ez botoa ematearena? Ondoren esaten du alde batera uzteko printzipio aristotelikoa (emakumeak bigarren mailako gizakiak direla). Amaitzeko, hanka-sartzeak egongo direla dio, baina akats eginez ikasten dela.

2. Paragrafoa: Errepublikaren Lorpena

Diputatuak konbentzitzeko hainbat argudio ematen ditu: eskubide hau onartuko balitz, herri zibilizatu baten erabakia izango dela dio. Konstituzioa aurreratuena eta libreenetakoa izango dela. Monarkiak azken mendeetan lortu ez duena lortuko dutela, Errepublikaren lorpena. Azkenik, azaltzen du latindar herrien artean lehena izango dela halako aurrerakuntza arautzen; aurreko guztiarengatik pozik eta harro sentitzen dela dio.

Testuingurua: Espainiako Bigarren Errepublika

Testuingurua hobeto ulertzeko, Espainiako Bigarren Errepublika 1931ko apirilaren 14an aldarrikatu zen, aurretik egindako hauteskundeetan errepublikano-sozialisten koalizioak garaipena lortu ondoren. Monarkia ala errepublika aukeratzeko nolabaiteko erreferendum bihurtu ziren hauteskunde horiek, eta emaitzen ondorioz, Alfontso XIII.a erregeak herrialdetik alde egin zuen. Gobernu berria behin-behinekoa izan zen hasieran, eta Alcalá Zamora jarri zen buru. Gobernu honetan errepublikaren aldeko indarrak bildu ziren, baina monarkiko eskuindarrak, euskal nazionalistak eta ezker erradikala kanpoan geratu ziren. Behin-behineko gobernuaren helburu nagusia Gorte Konstituziogileetarako hauteskundeak antolatzea izan zen, baina aldi berean hainbat erreforma abiatu zituzten: preso politikoentzako amnistia, askatasun politiko eta sindikalak, autonomia estatutuak negoziatzen hastea, eta administrazioan aldaketak egitea. 1931ko ekainaren 28an egin ziren hauteskundeak, eta parte-hartzea oso altua izan zen (%70). Nahiz eta emakumeek oraindik ezin zuten bozkatu, hautagai gisa aurkezteko eskubidea izan zuten, eta hiru emakume diputatu izendatu zituzten, tartean Clara Campoamor. Hauteskundeak errepublikano-sozialisten koalizioak irabazi zituen, eta hortik aurrera Biurteko Erreformista izeneko aldia hasi zen. Alcalá Zamora Errepublikako presidente izendatu zuten, eta Azaña gobernuko presidente bihurtu zen. Gobernua osatzeko, hasieran behin-behineko gobernuan parte hartu zuten indarrekin jarraitzea nahi izan zuten, baina arazoak izan zituzten, eta azkenean ezkerreko errepublikanoek eta sozialistek osatu zuten gobernua. Garai honetako ekintza nagusia 1931ko Konstituzioa onartzea izan zen. Konstituzio honek espiritu demokratiko eta aurrerakoia zuen, estatu laikoa ezarri zuen, eta hainbat eskubide eta askatasun bermatzen zituen, hala nola sufragio unibertsala, botere banaketa eraginkorra, autonomia estatutuen aukera eta jabetza pribatua, baina interes nazionalaren menpe egongo zena. Clara Campoamorrek emakumeen boto-eskubidea defendatu zuen, eta azkenean Konstituzioan jaso zen. Konstituzioaren oinarrian hainbat erreforma egin ziren, besteak beste, erlijioaren, armadaren eta hezkuntzaren esparruetan. Horrela, Bigarren Errepublika erreforma eta aldaketa sakonen garaia bihurtu zen, Espainiako historian mugarri garrantzitsua izan zena.

Ondorioak eta Eztabaidak

Konklusioari dagokionez, gai gatazkatsua izan zen, batez ere Victoria Kentek eta Clara Campoamorrek eztabaidak izan zituztelako. Victoriak adierazten zuen ez zela unea hau martxan jartzeko, batez ere analfabetismo tasa oso altua zelako emakumeen artean. Beste batzuek argudiatzen zutena zen emakumeak gizonen eta elizaren eraginpean zeudela, eta, beraz, hasiera batean boto eskubidea emakume ezkongabeei eta alargunei soilik eskaintzea proposatu zen, baina azkenean emakume guztiei onartu zitzaien. Clarak eskubide hau defendatu nahi zuen, alde batera utzita nori emango zioten botoa. Emakumeek, orduan, boto eskubidea eskuratzen dute konstituzio honetan, eta erabiliko duten lehen aldia 1933ko hauteskundeetan izango da. Batzuek esaten zuten moduan, eskuinekoek irabazi zituzten hauteskunde horiek; eskuinaren garaipena leporatu zioten Clara Campoamorri, eta horrek eragin zuen nolabait bere bizitza politikoaren gainbehera. Errealitatean, emakumeen botoak agian eragina izan zuen eskuindarren garaipen horretan, baina batez ere, eragina izan zuen eskuindarrak koalizioan aurkeztea izan zen. Hala ere, diskurtso honek garrantzi handia lortu zuen, emakumeen boto eskubidea jasota geratu baitzen Konstituzioan, baina lorpena ez zen denbora luzerako izan. Izan ere, Gerra Zibilaren ondoren, 1939an, nazionalek irabazi zuten, Francok diktadura ezarri zuen, eta ez bakarrik emakumeen eskubideak, beste eskubide guztiak ere ukatuak izan ziren.

Fronte Popularraren Garaia

Kausak

Lerrouxen gobernuak eskuinerantz jo zuenean, Biurteko Erradikal-Zedista izeneko aldian, aurreko erreformak deuseztatu eta neurri berriak jarri zituen, esaterako kolpista batzuei amnistia ematea. Horrek istilu larriak eragin zituen, hala nola 1934ko Urriko Iraultza:

  • Katalunia: Estatua aldarrikatu nahi izan zuten Espainiako Errepublika federalaren barruan, baina babesik gabe, Bartzelona bonbardatu eta autonomia galdu zuten.
  • Asturias: Sozialistek eta anarkistek matxinada armatua abiatu zuten, baina Francoren Marokoko tropek errepresio latza ezarri zuten.

1935ean, CEDAk erreforma errepublikanoak geldiarazteko prozesua azkartu nahi zuen. Dena den, 1934ko Iraultzak eta ustelkeria kasuek (estraperloa, adibidez) gobernua ahuldu zuten. Ondorioz, Lerrouxek dimisioa eman zuen, eta 1936ko hauteskundeetan, eskuina banatuta egotean, Fronte Popularrak irabazi zuen. Azaña gobernuburu eta gero presidente bihurtu zen, hasierako erreformak berreskuratzeko helburuarekin. Neurri nagusiak preso politikoei amnistia, Kataluniako autonomia berrezartzea eta nekazaritza lurren banaketa izan ziren.

Ondorioak

Lerrouxen gobernuak eskuinerantz jo zuenean, Biurteko Erradikal-Zedista izeneko aldian, istilu larriak sortu ziren, hala nola 1934ko Urriko Iraultza, Asturiasen, Katalunian eta Euskadin eragina izan zuena. 1935ean, CEDAko ministroek erreforma errepublikanoak geldiarazi nahi izan zituzten, baina 1934ko Iraultzak eta ustelkeria kasuek gobernua ahuldu zuten. Lerrouxek dimisioa eman zuen, eta 1936ko hauteskundeetan Fronte Popularrak irabazi zuen.

Gobernu berri honek erreforma berriak jarri zituen martxan, esaterako preso politikoei amnistia eta Kataluniako autonomia berrezarri zituen. Hala ere, ondorio larri batzuk ekarri zituen. Krisi ekonomikoak langabezia, prezioen igoera, eta abar ekarri zituen, eta ordena publikoaren desegonkortasunak egoera larritu zuen; gainera, Falangek gero eta jarraitzaile gehiago zituen. Grebak, manifestazioak eta ezker-eskuin arteko liskarrek (hilketak barne) gizartearen tentsioa areagotu zuten.

Uztailaren 13an Calvo Sotelo eskuindarra hil zuten, eta uztailaren 17an Francok eta Sanjurjok Marokon altxamendua hasi zuten, uztailaren 18an penintsulara zabalduz. Horrela, Gerra Zibila hasi zen (1936-1939).

Gerra Zibila Euskal Herrian

Kausak

Espainiako Gerra Zibila piztu zen (1936-1939) testuinguru orokorrean, Euskal Herrian gatazkak ezaugarri bereziak izan zituen. Alde batetik, isolamendua zela eta, Euskal Armada antolatu zen. Bestetik, Euskal Herrian gatazka nazionala bihurtu zen:

  • Nafarroan eta Araban matxinatuek irabazi zuten, Alemania eta Italiaren laguntzarekin, meategietako kontzesioen truke.
  • Bestalde, Bizkaian eta Gipuzkoan errepublikazaleek SESBen eta Nazioarteko Brigaden laguntza jaso zuten Espainiako Bankuko urre-gordailuaren truke.

Ondorioak Euskal Herrian

Gerrak eguneroko bizitza erabat aldatu zuen: biztanleriak gosea eta beldurra jasan zituen, eta askok ihes egin zuten errepresioetatik bizia salbatzeko. «Paseoak» errepresio metodo ohikoa izan ziren, non pertsonak herritik aterata hil egiten zituzten. Gainera, espetxeratze masiboak, fusilamenduak eta hobi komunak nagusitu ziren. Haurrak erbesteratu ziren trenez edo itsasontziz, eta errefuxiatuen kopurua izugarri handitu zen. Horrek utzitako ondorioez gain, beste hainbat ondorio ere izan ziren:

  1. Ondorio demografiko eta sozialak: Espainia osoan milioi erdi hildako eta Euskal Herrian 20.000 hildako egon ziren hainbat arrazoirengatik: bonbardaketetan, gosez, lan-batailoietan (Francoren esklaboak). Gainera, erbesteratze masiboa gertatu zen, horien artean gerrako haurrak.
  2. Ondorio ekonomikoak: Ekonomian ekoizpena asko jaitsi zen, eta gosea zela eta, errazionamendua ezarri zuten. Gainera, lurralde gehienak suntsituta geratu ziren (azpiegitura gehienak). Bilboko industria ez zen guztiz suntsituta geratu, nazionalek erabili ahal izateko.
  3. Ondorio politikoak: Errepresio bortitzak ematen ziren, esaterako paseoak, fusilamenduak, garbiketa, atxilotu ugari… Gainera, Bizkaia eta Gipuzkoa traidoretzat hartu zituzten, kontzertu ekonomikoa eta autonomia kenduz. Euskal Gobernua Bartzelonan finkatu zen, baina ondoren Frantziara eta AEBetara eraman zuten. Horrez gain, Francok diktadura ezartzean, ordura arteko erreforma guztiak, askatasunak eta abar bertan behera geratu ziren, alderdi eta sindikatuak debekatuz.
  4. Ondorio sozio-kulturalak: Euskara eta euskal kulturaren zapalkuntza handia gertatu zen, eta Gaztelania hizkuntza bakartzat hartu zen. Gainera, intelektual asko kartzelaratu edo erbesteratu zituzten. Azkenik, laikotasuna deuseztatu zuten, eta hezkuntzaren garbiketa eta doktrinamendua gertatu zen, txikitatik ideologia erakutsiz.

Deskargatu

PDF Word HTML