Cánovasen Berrezarkuntza Prozesua: Alfontso XII.aren Monarkia
Cánovasen Isilpeko Berrezarkuntza Prozesua
1870ean Isabel II.ak bere seme zen Alfontso XII.arengan abdika zezan lortu zuen eta alderdi Alfontsotarra eratu zuen. Bertan, jende kontserbadorea gailentzen zen, goi-mailako jendea eta monarkia berrezartzea zuten helburu, bakea eta ordena lema nagusitzat hartuz. Posizionamendu honen baitan, armadak paper garrantzitsu bat jokatu zuen, ez baitzen honen aurka agertu. Alabaina, Cánovasek irmoki sinesten zuen armada politikatik kanpo egon behar zela eta ez zuen gobernuari lotuta egoterik nahi, baina armadak berarekiko oposiziorik ez erakusteak mesede egiten zion. Gainera, kolonietara joandako jende aberatsa, esklabutzaren eskutik aberasten zirenak ere alde zituen. Orokorrean, jende askok desio zuen Alfontsoaren itzulera.
Erregimen Berriaren Oinarrizko Irizpideak
Sortuko zen erregimen berriak hainbat irizpide zituen oinarritzat:
- Alfontso XII.a errege.
- Monarkia konstituzional irekia eta integratzailea.
- Tradizio katolikoa eta askatasuna bateragarriak izateko beharra.
- Aurreko konstituzioak (1845 eta 1869) gainditu.
1874an ideia guzti horiek Sandhurst (Ingalaterra) herriko proposamenen adierazpenean argitaratu ziren.
Monarkiaren Zerbitzura
Monarkia politikarako oinarritzat hartuta, alderdi politikoak horren zerbitzura egon behar zirela defendatzen zuen eta horretarako, aurreko urtetako ideiak zein tentsioak mozteko alderdi berriak bilatu zituen:
Alderdi Kontserbadorea
Lehengo alderdi moderatuko kide askoz osatua, nahiz eta progresista batzuk ere sartu. Bertan, goi-mailako jende diruduna gailentzen zen, ordena eta Alfontso errege babesten zituztenak.
Alderdi Liberala
Ikuspegi aurrerakoiagoa zutenak ziren, lehengo progresistak, demokratak zein errepublikanoak. Ezker moderatua ziren, behe-burgesiak (industria eremukoak) eta erdi mailako klaseek osatuta. 1869ko konstituzioa eta laikotasuna defendatzen zituzten.
Sistema Turnistaren Ezarketa
Bi alderdi horiek sistema turnistaren oinarri izan ziren 1923. urtera arte. Nahiz eta Cánovasen helburua monarkia eta ideia guzti horiek bide moderatuan berrezartzea zen, 1874ko abenduan Martinez Campos jenerala Alfontsoaren alde altxatu zen armadarekin batera eta ondorioz, Cánovasek ez zuen bere helburua lortu (prozesu baketsua).