Cadizko Konstituzioa: Espainiako Liberalismoaren Hasiera

Historia34,65 KB

1. CADIZKO KONSTITUZIOA (1812-03-19)

Kokapena

Testu hau iturriaren aldetik historiko primarioa da. Formaren arabera, juridikoa da, konstituzio bat delako. Egilea Espainiako Gorteetako ordezkariak dira, 69 diputatu absolutista. Espainiarrei zuzenduta dago, beraz, publikoa da. Eta kokapenari dagokionez, Independentzia Gerran (1808-1814) aurkitzen da, Cadizen hain zuzen ere, frantsesen inbasioetatik kanpo zegoena. Azkenik, testu honen asmoa antzinako erregimenaren absolutismoa deuseztatzea eta liberalismoa ezartzea da, eta jorratzen diren gaiak erlijiosoak, ekonomikoak eta politikoak dira.

Analisi

Konstituzio hau bi zatitan banatu dezakegu:

1go zatian, Konstituzioaren sarreran gorteetako diputatuek Fernando VII errege moduan onartzen dutela eta gatibu dagoela dio, eta 2. zatian, Cadizko Konstituzioaren zenbait artikulu agertzen dira:

  • 1go artikuluan: Espainia estatu bakarra eta bateratua dela dio, Ameriketako kolonietako eta Espainiako biztanleriaren arteko desberdintasunik gabe.
  • 3. art: Subiranotasun nazionala aitortzen zaio herriari.
  • 8. art: Ogasun erreformari buruz ari da. Hiritarren betebeharraren artean estatuko gastuak ordaintzea dago, zerga sistema bakarra ezarriz. Horrela, pribilegioetan oinarrituriko gizartearekin amaitzeko bidea ireki zuten.
  • 12. art: Eliza eta Estatuaren arteko harremana aipatzen da. Espainia estatu konfesionala zen, erlijio ofiziala katolikoa zuena. Erlijioaren eta nobleziaren arteko eragina ikus daiteke bertan.
  • 14. art: Fernando VII.a Espainiako erregetzat onartu zuten, estatua monarkia konstituzionala bilakatu zen.
  • 15., 16. eta 17. art: botereen banaketa ezartzen da, botere betearazlea erregearena da, judiziala auzitegiena, eta legegilea erregearena eta gorteena. Antzinako erregimenean, berriz, botere guztiak, erregearenak ziren.
  • Azkenik, 371. art: Ideia liberalak zabaltzeko oso garrantzitsua izango den oinarrizko eskubide liberala agertzen da, adierazpen askatasuna, zentzura alde batera utziz.

Testuingurua

1789. urtean, frantziar iraultza hasi zen, 1799an, Napoleon Bonapartek estatu kolpe bat emanda iraultzarekin amaitu zuen. Napoleon interesen artean Espainiako kanpo-politika egoteak ezinegona ekarri zuen Espainiarako, eta aurretik egondako krisia areagotu zen. 1807an Fontainebleauko Ituna egin zuen Espainiak Frantziarekin, Portugal mendean hartzeko. 1808ko maiatzaren 2an Madrilgo herritarrek altxamendua egin zuten frantses tropen aurka, eta honek gerra ekarri zuen. Napoleonek bitartean, Baionan behartu zituen Karlos IV.ari eta Fernando VII.ari erregetza uztera, eta Napoleonen anaia Espainiako Josef I.a bihurtu zen. Baionako Estatutua egin zuten Espainiako tradizioaren ildoari jarraituz, izan ere, gutun aitortua zen. Abdikazioak zirela eta Independentzia gerra piztu zen, eta erresumak, sei urte luze iraun zuen gatazka gogorra pairatu zuen.

Gerrarekin batera herrialdean izandako prozesu iraultzaileak hiru ekintza bitarteko izan zituen: juntak, gerrilla eta Gorteak. Herri askotan juntak sortu ziren, eta horietatik Junta Zentralak sortu ziren, herriaren borondatea eta subiranotasun nazionalaren printzipioa egiaztatzeko. Herri xeheak gerrilla sortu zuen, frantsesen aurka borrokan parte hartzeko. Azkenik, Junta Zentralak Gorteetarako deia egin zuen, iraultzako eskakizunak legeetan jasotzeko.

1810eko irailean Lehenengo Gorte modernoak Cadizen bildu ziren, eta hainbat ideologietako eta hainbat gizarte-taldeko diputatuak zeuden: antzinako estamentuko kideak (nobleak eta elizgizonak), klase ertainak eta intelektualak, abokatuak, militarrak, merkatariak, etab. Iraultza liberala ez zuen burgesiak egin, eta kleroko eta nobleziako kide guztiak ez zeuden absolutismoaren alde, nahiz eta gehienetan kontrakoa izan den arren.

Diputatuen artean bi joera edo alderdi handi sortu ziren: absolutistak (gutxiengoa) eta liberalak (gehiengoa). Erdian, joera jovellanista topatu dezakegu. Cadizko gorteen jarduera legegileak eta konstituziogileak, ordura arte indarrean egondako printzipioekiko haustura erradikala ekarri zuen Antzinako erregimenarekiko. Gorteen lehen dekretuan, subiranotasun nazionala aldarrikatzen zen, eta gizarteak Gorteen esku uzten zuen. Legearekiko berdintasuna ere aldarrikatu zuten, espainiarren eta amerikarren arteko berdintasuna hain zuzen ere. Zenbait erreforma ere proposatu zituzten: inprenta-askatasuna onartu zen; tortura, Santiagoren botoa izeneko zerga, Inkisizioa eta antzinako kontseiluak kendu zituzten; kleroaren ondasunak desamortizatu ziren; beste probintzia-banaketa bat egin zen; mesta deuseztatu zuten; probintzia-diputazioak sortu ziren; Ogasuna erreformatu zen, eta merkataritza- eta industria-askatasuna ezarri ziren. 1812ko martxoaren 19an lehenengo konstituzio espainiarra aldarrikatu zen, La Pepa esaten zaio egun hartan San Jose eguna zelako. Oso luzea zen, eta lehen aztertu ditugun artikuluez gain, konstituzioak printzipio garrantzitsu hauek ere baditu: gorteetako ordezkariak sufragio unibertsalez hautatu behar direla (baina hautagai izateko beharrezkoa zen errentak izatea), milizia nazionala sortu zuten sistema konstituzionala defendatzeko, eta askatasun ekonomiko batzuk agertzen ziren, hala nola, gremioak eta jaurerriak deuseztatzea. Baina gerra zela-eta, oso zaila izan zen konstituzioa praktikan jartzea, eta ez zen ia aplikatu. 1814an absolutismoa berrezarri zenean, bertan behera geratu zen.

Garrantzia Historikoa

Testu hau oso garrantzitsua izan zen Espainiako historia garaikidean, espainiar herriak egindako eta espainiarrei zuzendutako lehen konstituzio liberala izan zelako, Antzinako erregimenarekin bukatzeko eta liberalismoa ezartzeko bidea ireki zuelako, eta aurrerapen handia izan zelako Espainiako politika modernizatzeko. Gainera, gainerako Konstituzioak egiteko eredu moduan hartuko da historian zehar.

Bukatzeko, esan beharrekoa da dinamika politiko berri baten sorrera eragin zuela: Fernando VII.aren absolutismoa, eta honen kontrakoa, liberalismoa.

Indarrean egon zen hiru etapatan:

  • 1812-14
  • 1820-23
  • 1836-37

2. PERTSIARREN MANIFESTUA (1814-04-12)

Kokapena

Testu hau iturriaren aldetik historiko primarioa da. Formaren arabera, narratiboa da, manifestu bat delako. Egilea kolektiboa da, Espainiako Gorteetako ordezkariak hain zuzen, 69 diputatu absolutista. Hasiera batean testu hau pribatua zen Fernando VII. erregeari zuzenduta zegoelako, baina Espainia osoan eragina izan zuenez, publikoa da. Madrilen kokatzen da 1814ko apirilaren 12an, Independentzia Gerraren (1808-1814) ostean, Fernando VII.a Espainiara itzuli zenean seiurteko absolutistaren hasieran. Azkenik, testu honen asmoa Cadizko Konstituzioko lege guztiak bertan behera uztea eta Antzinako Erregimena berriz ere ezartzea, hau da, absolutismoa berrezartzea.

Analisi

Manifestu hau hiru zatitan bereiz dezakegu:

Lehenengo p.: Testuaren ideia nagusia Antzinako Erregimenera itzultzeko beharra adieraztea da, eta lehengo paragrafo honetan, idazleek Fernando VII.aren buelta justifikatzen dute. Horretaz gain, pertsiarren garaiko kaos egoera bati buruz aritzen dira, Independentzia gerrarekin konparazioa eginez.

Bigarren p.: monarkia absolutuaren aldeko apologian eta defentsan oinarritzen da. Honi buruzko argumentuak garatzeko antzinako erregimenaren teoria erabiltzen dute, hau da, jainkoa bera da guztiaren gainetik dagoena.

Hirugarren p.: Azkenik, Cadizko Gorteetan egindakoa bertan behera uztea eskatzen zioten, hau da, 1812ko Cadizko Konstituzioa deuseztatzea, Espainiako ohitura eta arauen arabera.

Testuingurua

1789. urtean, frantziar iraultza hasi zen, eta 1799an, Napoleon Bonapartek estatu kolpe bat emanda iraultzarekin amaitu egiten zuen. Napoleon interesen artean Espainiako kanpo-politika egoteak ezinegona ekarri zuen Espainiarako, eta aurretik egondako krisia areagotu zen. 1807an Fontainebleauko Ituna egin zuen Espainiak Frantziarekin, Portugal mendean hartzeko. 1808ko maiatzaren 2an, Madrilgo herritarrek frantses tropen aurka altxamendua egiteak gerra ekarri zuen. 1808an Napoleonek Espainian agintea hartu eta borboitarrak aulkitik kendu zituen, bere anaia Josef I.a izendatu zuen Espainiako errege izendatuz, eta nahiz eta Espainiako herritarrek Josef I.a errege bezala ez onartu, 1813 arte egon zen. Baionako Estatutua egin zuten Espainiako tradizioaren ildoari jarraituz.

Abdikazioak zirela eta Independentzia gerra piztu zen, eta sei luze urtez iraun zuen. Bi joera desberdin zeuden: batetik, frantsesen aldekoa zen mugimendua, eta bestetik, inbasioaren aurrean sorturiko defentsa taldea, ideologia ezberdineko kideek (absolutistak, erreformistak eta liberalak) osatua. Baionako abdikazioek eragindako botere hutsunea betetzeko eta frantsesei aurre egiteko, Batzarren jarduera sortu zen. Cadizko Gorteko ordezkari liberalek, hasieran Cadizeko Batzar nagusiaren bitartez, eta 1810etik aurrera Cadizeko Gorteen bitartez, lehenengo 1812ko konstituzio liberal espainiarra aldarrikatu zuten. Cadizko gorteen jarduera legegileak eta konstituziogileak ordura arte indarrean egondako printzipioen haustura erradikala ekarri zuen Antzinako erregimenarekiko. 69 diputatu absolutistek, liberalismoaren kontrako ideiak adierazi zituztenak, erregeari Espainiara itzultzeko eskakizuna egin zioten Persiarren manifestuaren bidez. 1814an absolutismoa berrezarri zenean, bertan behera geratu zen 1812ko Konstituzioa. Bestetik, Valençayko Itunaren bidez, Fernando VII.a Espainiara itzuli zen. Baina ez zuen ituna onartu, ezta Cadizen egindako lege-erreformak ere. Honekin batera, Inkisizioa berrezarri zuen.

Dekretu hori, erregimen absolutistaren diputatuek Persiarren Manifestua aurkeztu ondoren ezarri zen. Bertan, gobernu absolutua aldarrikatu zuten, eta ondorioz, errepresioa oso bortitza izan zen. 1813-1814 bitartean biztanle askok erbestera jo zuten, bereziki Frantziara eta Ingalaterrara. Espainiak, une hartan, Amerikako kolonietako independentzia gerrari egin behar izan zion aurre, eta, gainera, berehala neurri liberalak hartu behar izan zituzten Ogasunaren porrota gertatzearen ondorioz. XIX. mendean zehar hainbat pronuntziamendu militar gertatu ziren, eta liberalek herritarren babesik ez zutenez, militarren laguntzaz baliatu ziren. 1820an, Cabezas de San Juaneko (Sevilla) armadaren altxamendua izan zen, Rafael de Riego jenerala buru zuena, eta ondorioz, Fernando VII.ak 1812ko Konstituzioaren hitzarmena egin behar izan zuen, eta Hirurteko Liberala hasi zen. 1823an, Vienako Sistemaren ondorioz sortutako Aliantza Santuak, Espainiako erregimen liberala suntsitu eta berriro ere, absolutismoa ezarri zen.

Garrantzia Historikoa

Testua aurretik idatzitako Cadizko Gorteen lanen baliogabetasuna erakusten saiatzen da. Idazleak haien pribilegioetan kaltetuta atera ziren, eta ez zeuden ados konstituzioa eta haren eduki liberalekin. Absolutismoaren aldeko argudioak ematen dira, haien interesetarako onuragarria zelako, eta pentsamendu absolutista ezagutzeko oso dokumentu garrantzitsua da.

Pertsiarren Adierazpenarekin batera liberalismoaren garaia bukatu zen Espainian, absolutismoa berrezartzeko. Azkenik, absolutismoa berrezartzeko besterik ez zuen balio izan.

3. MENDIZABALEN DESAMORTIZAZIO DEKRETUA (1836-02-21)

Kokapena

Testu hau iturriaren aldetik historiko primarioa da. Formaren arabera, juridikoa da, dekretu bat delako. Egilea Juan Alvarez Mendizabal politikari progresista da, Maria Kristina erregeordearen gobernu-buru eta Ogasun ministroa izan zena. Maria Kristina erregeordeari zuzenduta egon arren, herritarrek irakurtzeko egokituta dago, beraz, publikoa da. Eta kokapenari dagokionez, Madrileko Gacetan argitaratuta dago 1936ko otsailaren 21ean. Isabel II.aren adin txikitasuneko garaian aurkitzen da, Maria Kristina erregeorde zelarik, 1. Gerra Karlistaren 2.etapan hain zuzen ere. Azkenik, testu honen helburua ekonomikoa jabego feudala jabetza pribatu bihurtzea da, eta helburu politikoa jendea liberalismoaren ideietara erakartzea eta Gerra Karlista irabaztea. Batez ere, eliz ondasunen desamortizazioa egiteko helburu nagusiak azaltzen dira.

Analisi

Testua 2 zatitan banatu dezakegu: alde batetik, lehenengo paragrafoan dekretua ateratzeko arrazoiak azaltzen dira, eta bestetik, bigarren paragrafoan, Maria Kristinari bere onespena eskatzen dio ondasunak salgai jartzeko.

Dena dela, bi zati hauetan Mendizabalen desamortizazioaren hainbat helburu aipatzen dira: zor publikoa murriztea (ogasun publikoaren egiturazko arazo zaharretik dator), jabe liberal berriak eta aberastasuna sortzea, eta Isabel II.aren erregimena sendotzea. Beraz, Mendizabalentzat, desamortizazioa beharrezkoa da ekonomia berpizteko, estatua modernizatzeko eta Isabel II.aren tronua indartzeko.

Testuingurua

Fernando VII.a 1833. urtean hil zen, eta bere alarguna Maria Kristina erregeorde bihurtu zen. Etapa honetan gerra zibil bat sortu zen: Lehen Karlistaldia (1833-1840). Alde batetik, karlistak zeuden, eta bestetik, isabelinoak. Karlos, absolutista eta foruzalea, bere eskubide dinastikoak defendatu zituen, eta erlijio integristen babesa bilatu zuen. Isabel II.aren tronua finkatzeko, Maria Kristinak, absolutista izan arren, liberalen babesa bilatu zuen.

Trantsizio etapa honetan, antzinako erregimenetik liberalismora pasatzeko zenbait zailtasun egon ziren. Batetik, absolutistek izugarrizko erresistenztia egin zutelako koroaren boterean murrizketarik ez egoteko, eta bestetik, liberalismoa bi korronte nagusitan banandu zelako: liberal moderatuak, liberalismo lehun eta kontserbadorearen aldekoak zirenak, eta liberal progresistak, Cadizko gorteetan jarduera legegilearen aldekoak.

1835ean Torenoko kondeak Martinez de la Rosaren lekua hartu zuen gobernuaren presidentzian, Mendibalekin batera. Gobernu horren eta 1835eko iraultzaren ondorioz, apurtu ziren Espainiaren eta Batikanoaren arteko harremanak. Hori zela eta, M.Kristinak Mendibazal liberal progresistari dei egin zion gobernua osa zezan. Gobernu horrek sistema liberala ezarri zuen, eta honek desamortizazioa jarri zuen abian 1836an.

Desamortizazioa nekazal jabetzaren estruktura aldatzeko prozesua izan zen, eta helburuak lurraren jabetza eta ustiatzeko moduak aldatzea ziren. Horretarako, lurrak jabe indibidualen esku geratu behar ziren, jabe berriek lurrak saldu, erosi edo alokatu ahal izateko; hau da, lantzeko askatasun osoa izatea. Ondorioz, laborantza egiteko modu berriak sortu eta ekoizpena handituko zen. Helburuak bete ahal izateko bi prozesu jarri zituzten martxan: desatxikimendua eta desamortizazioa.

Lehenik eta behin, desatxikimenduaren bidez, jaurgoen abolizioa eta nobleziaren ondasunen desatxikimendua martxan jarri zen. Jaurgoen abolizioaren ondorioz, jauntxoen ahalmen politikoa desagertu eta lurrak jabetza pribatu eta askea bihurtu ziren. Nobleziaren ondasunen desatxikimenduaren ondorioz, maiorazkoaren ezabapena eta jabego binkulatuaren existentzia galarazi zen. Horregatik, jabeei baimena eman zitzaien lurrak askatasun osoz saltzeko, ondasun libreak bihurtuz.

Horrez gain, desamortizazioa liberalen neurri praktikoen artean garrantzitsuena izan zen. Lehenengo, Elizaren ondasunak, eta gero, Udalen ondasunak desamortizatu zituzten. Horretarako bi urrats eman ziren: Estatuak ondasun horiek bahitu eta nazionalizatu zituen merkatutik kanpo geratzeko; eta ondasun horiek salmentan jarri zituzten enkante publikoetan. Lortutako diruarekin Estatuak bere beharrak bete zituen.

Mendizabalen desamortizazioa, garrantzitsuena eta eragin handiena izan zuena da. Mendizabalek kleroen ondasunak salmentan jarri zituen, Estatuaren esku geratu eta enkante publikoan saldu egin ziren. Honekin zenbait helburu lortu nahi ziren: liberalak beraien iraultza finantzatzea Gerra Karlista irabazteko; zor publikoa ezabatzea; mailegu berriak eskatzeko ahalmena izatea; eta Elizaren ondasunaren estruktura aldatzea. Bukatzeko, amortizatua eta kolektiboa izatetik, indibiduala eta askea izatera pasatu zen.

Aurretik jada egon ziren desamortizazio saiakerak, Manuel Godoy balidoak proposatu zuen desamortizazioa finantza krisiarekin amaitzeko. Baina, Mendizabalen planak ez ziren espero moduan atera, gerra ez zen amaitu eta zorra ere ez.

1836an egoera politikoa ez zen egonkortu, eta La Granjako matxinada gertatu zen, horren emaitza 1837ko Konstituzioa izan zen. Geroago, 1840. urtean, gerra karlista amaituta, Espartero jenerala erregeorde bihurtuko da.

Honen ostean, 1855. urtean, Madozen desamortizazioa etorri zen. Honen bidez, jabetza kolektiboaren ondasunak salmentan jarri ziren, aurrekoan saldu ez zirenak, eta udaletxeen ondasunak ere bai. Berrezarkuntzaren garaira arte iraun zuen ondasun hauen salmentak.

Garrantzia Historikoa

Desamortizazioak garrantzia handia izan zuen Espainiaren historian, estatu liberala ezartzen lagundu zuelako.

Ekonomian, lurjabe berriek erositako lurretatik ustiatzen hasi ziren, produkzioak gora egin zuen, eta mesta ezabatu zen, garraioak eta komunikazioak garatzen joan ziren, eta zerealen laborantzaren aldeko politika protekzionistak egin ziren. Gizartean, nekazaritza proletarioak agertu ziren, eta baita burgesia lurjabea ere. Baina, ondorio sozialak ez ziren onak izan, goi-noblezia eta burgesia bakarrik atera zirelako irabazle, nekazarien lan baldintzak hobetu gabe. Artean eta kulturan, ondare handiak galdu ziren. Amaitzeko, latifundismoa handitu zen.

4. 1855KO BURDINBIDEEN LEGEA

Kokapena

Testu hau iturriaren aldetik historiko primarioa da. Formaren arabera, juridikoa da, lege bat delako, baina izaera ekonomikoa du. Egileak gorte progresistak dira, eta Isabel II.ak (erregina) eta Francisco de Luxan (Sustapen Ministroa) berretsi eta sinatu zuten. Gehienbat atzerriko konpainientzat idatzita egon arren, nazio osoari zuzenduta dago, beraz, publikoa da. Eta kokapenari dagokionez, 1855eko ekainaren 6an argitaratu zen Madrilgo Gazetan. Isabel II.aren erreinaldiko garaian aurkitzen da, liberal progresistak boterean zeudenean biurteko progresistaren zehar (1854-1856), gobernu burua Espartero jenerala zelarik, eta O’Donnell ministroa. Azkenik, testu honen asmoa atzerriko teknologia eta kapitalak erakartzea zen, trenbide sarea egiteko eta industrializazioa bultzatzeko. Batez ere, trenbidearen eraikuntza arautu eta burdinbidearen ezarpenari bultzada eman nahi zitzaion.

Analisi

Testua 2 zatitan banatu dezakegu: lehenengo bi lerroetan, Isabel II.ari zuzenduta dagoela eta Gorteek egindako testua dela adierazten da, eta gainerakoan, zenbait artikulu ageri dira: 4.art: trenbidearen eraikuntza Gobernuak, partikularrak edo enpresak "egiaztatu" ahal izango dutela ezartzen da.

6.art: emakida izatea beharrezkoa dela, beraz, konpainiek eta partikularrek baimena behar dutela.

8., 19. eta 20. art: inbertsioak suspertzeko ematen diren zenbait abantaila aipatzen dira. 8.art: funts publikoen laguntza aipatzen da, eta hiru modu aipatzen dira laguntzeko: gobernuak eta konpainiak elkarrekin lan egiten, konpainiei kapitalaren zati bat emanez eta gutxieneko interesa ziurtatuz. 19. art: estatuak babesa eskaintzen du, eta ondorioz, konfiska-ezinak eta baimen-ezinak direla dio. 20. art: enpresa guztiei ematen zaizkien errekurtsoak aipatzen dira: lur publikoak, auzotasuneko eskubidea, harrobiak irekitzeko baimena, bidesariak kobratzeko eskubidea eta materialen inportazioa askearen garrantzia azpimarratzen da.

30. artikuluarekin amaitzeko, trenbidearen zabalerari buruz ari da.

Testuingurua

Espainiako industrializazioa berantiarra izan zen eta banaketa irregularra izan zuen. Mentalitate tradizionala oso finkaturik zegoen, eta kapital gehinak lurren erosketetan inbertitzen ziren. 1855ean Madozek prestautako Desamortizazio Orokorraren Legearen ondorioz, industrializazio urria bultzatu eta garraio sistema modernizatu zen Biurteko Liberalean.

Madozen garaian lortutako dirua trenbidearen hedapenean erabili zen, eta ordainketak murriztu ziren.

Desamortizazioarekin batera, irekitze-lege librekanbista batzuk sustatu nahi zituzten: aztertzen ari garen 1855eko Burdinbideen Lege Orokorra, 1856ko Bankuen Legea eta 1856ko Espainiako Bankua.

Espainian, trenbidearen hedapena XIX. mendearen erdialdera arte atzeratu zen hainbat arrazoiengatik:

  • Baldintza orografiko zailak,
  • geldialdi ekonomikoa,
  • atzerapen teknikoa,
  • kapital pribatuen falta,
  • estatuak ez zeukan diru-sarrerarik,
  • protekzionismoa nagusi zen,
  • ezegonkortasun politikoa zegoen,
  • eta gatazka zibilak.

Horien ondorioz, Espainiak Europako beste ekonomia batzuekin alderatuz, kokapen kaskarra zuen.

Estatuaren laguntzak, aurrerapen teknikoek eta atzerriko kapitalek lagundu zuten trenbidea azkar eraikitzera. Frantziak egin zuen kapital erakarpen handiena, eta 1856tik 1866ra, 4500km trenbide eraiki zituzten. Horrez gain, trenbideko konpainiak sortu ziren, besteak beste, MZA (Madrid, Zaragoza, Alicante), Iparraldeko trenbideak edo SJC (Sevilla, Jerez, Cadiz).

Biurteko liberalak buruturiko legeriak bultzada handia eman zion Espainiako burdinbide-sarea eraikitzeko proiektuari.

Espainian 1855eko lege honekin trenbide-sarea azkar eraiki zen, baina prozesua arazoz beteta egon zen:

  • Madozen desamortizazioa kaltegarria izan zen nekazari txikientzat edo maizterrentzat.
  • Trenbideak ez zuen espainiar industrializazioa sustatzeko balio izan, atzerriko inbertsoreek Frantziatik, gehienbat, ekarri zituztelako materialak. Batez ere, espainiar enpresa siderurgikoek jasan zuten kalte handiena.
  • Trenbidearen sarea gaizki planifikatuta zegoen, bideune batzuk lotu gabe zeudelako.
  • Europarekin trukeak oztopatu zituen errail arteko zabalerak.
  • Trenbideak zuen trazaera erradialak lurralde asko beretik at utzi zituen.

Baina ondorio positiboak ere ekarri zituen:

  • Garraio sistema azkarragoa, seguruagoa, merkeagoa eta erosoagoa bihurtu zen.
  • Barne merkatua integratu zen.
  • Nekazaritza espezializaziorako lagungarria gertatu zen.
  • Lanpostuak sortu ziren trenbiderako.
Garrantzia Historikoa

Desamortizazioarekin batera, irekitze-lege librekanbisten garrantzia azpimarratzea ezinbestekoa da, lege protekzionistak txarrak izango direlako, eta atzerriko inbertsioak eta teknologia berriak beharrezkoak izango direlako trenbide sarea eraikitzeko. Trenbidearen ondorio ekonomikoei dagokionez, modernizazio ekonomikorako garrantzia izan zuen, akats asko izan arren (trenbidearen azalera edo egitura erradiala), erraztu baitzuen eskualde desberdinen integrazioa eta garraioa. Gainera, esku lanaren eskarian ere eragin zuen. Oso eragin txikia izan zuen burdingintza eta metalgintzan, legeak trenbidea egiteko materialaren inportazioei ezarritako zergak ezabatu zituztelako. Dena dela, hau ez da onuragarria izango Euskal Herriko burdingintzarako.

5. 1839KO URRIAREN 25EKO LEGEA

Kokapena

Testu hau iturriaren aldetik historiko primarioa da. Formaren arabera, juridikoa da, lege bat delako, eta edukiaren aldetik, politikoa da foruei buruz hitz egiten duelako. Egilearen aldetik, Espainiako gorte moderatuek agindu eta Maria Kristina erregeordeak berretsi zuen. Publikoa da, Espainiako herritarrei zuzenduta baitago, baina bereziki euskal lurraldeetako agintarie. Eta kokapenari dagokionez, 1839ko urriaren 25ean dugu Madrilgo Jauregian. Isabel II.aren erreinaldiko garaian aurkitzen da, Maria Kristinaren erregeordetzan hain zuzen ere. Lehenengo Gerra Karlista (1833-1839) amaitua zegoen Bergarako Itunaren ondorioz, Marotok eta Esparterok sinatutakoa. Azkenik, testu honen asmoa foru erregimena mantentzen den bitartean, marko konstituzionalarekin jarraitzea da.

Analisi

Lege honen bidez foruen egoera aldatu egin zen. Lehengo paragrafoan, Mª Kristinak bere alabaren izenean, Gorteek eginiko 1839ko urriaren 25eko Legea, berretsi duela jakinarazten du. Lehenengo artikuluan, foruak mantenduko direla adierazten da, baina aldi berean, argi uzten da 1837ko konstituzioak lehentasuna izango duela. Beraz, haien arteko kontraesanak menperatzeko beharrezkoa izango da foruak aldatzea.

Bigarren artikuluan, foruak aldatzeko prozesua azaltzen da. Gainera, Gobernuak foruetan aldaketak egingo dituela esaten da, probintziei eta Nafarroari entzun ondoren. Hau da, aldaketak egingo direla, baina euskal ordezkariekin aztertu eta gero.

Testuingurua

Fernando VII.a hil zenean Lehen Gerra Karlista 1833an sortu zen arazo politiko eta ideologiko batengatik, eta 1839an Esparterok eta Marotok izenpetu zuten Bergarako Itunarekin gerra amaitu zen. Ondorengotza gerra honen protagonistak karlistak eta isabelinoak izan ziren. Alde batetik, baserri munduak, Karlos Maria Isidroren alde egin zuen, baina baita: zorroztasun erlijiosoaren, monarkia absolutistaren, foruen defentsaren eta bizimodu eta jabetza tradizionalaren defentsa. Eta beste aldetik, hiriko burgesia liberalak, Isabel II.aren alde egin zuen eta: elizak boterea murriztearen, monarkia konstituzionalaren, berdintasunaren, zentralismo politiko administratiboaren eta jabetza askearen defentsaren aldekoak ziren. Foruak euskal lurraldeetan Espainiako gainerakoetatik bereizi egiten dira, luzarorako eta gainera aldaketarik gabe iraun zutelako. Foru hitzak bi esanahi ditu; alde batetik, foruzaleen ustez, ohiturazko zuzenbidea da, eta beste alde batetik, antiforuzaleen ustez, herri bati aitorturiko eskubide, arau eta pribilegioak biltzen dituzte.

Nahiz eta lurralde bakoitzean foruek berezitasunak izan, guztiek hainbat ezaugarri berdin dituzte:

  • Arlo sozialean: kaparetasun unibertsala zuten, hau da, gizarte berdintasunik ez zegoen. Zerga zuzenik ez, armadan aritzeko eragozpenik ez, eta berezitasun bat zuten: nobleziak lan egiten zuela. Gainera, gurasoek oinordekoa izendatzen zuten.
  • Arlo ekonomikoan: zerga salbuespena eta fiskalitate autonomoa zuten. Bestetik, barne aduanek euskal merkataritza garatzeko bidea eman zuten.
  • Arlo politiko-administratiboan: subiranotasun partekatuko erregimen politikoa ezartzen zuten, eta horrek autonomia maila ematen zien euskal lurraldeei. Kontraforuen aurrean, foru-baimena zuten foru-erregimena babesteko. Ordezkaritzan, hautagai izateko baldintzak zorrotzak ziren, eta hautatzeko sistemak tradizionalak eta kontserbadoreak ziren. Bi euskal erakunde nagusi zeuden: Batzar Nagusiak eta Aldundiak.
  • Arlo militarrean: erregearen deialdi militarretatik ia salbu egoteko pribilegioa zuten.

1839ko urriaren 25eko legea konplexua eta anbiguoa zen. Aipatu beharra dago idazteko erak ez zuela interpretazio legala errazten, eta konstituzioari foruak egokitzeko bidea zabalik uzten ziola. Lege honen ondorioetako bat, Espartero jeneralak bere politika zentralista Espainia osoan ezartzea izan zen. Ondorioz, 1841eko abuztuko Nafarroako Foruen Aldaketarako Legea ezarri zuten ordezkariak, gehienak progresistak izanik, aldaketa liberalak egiteko prest agertu ziren. Haien ondorioz, Nafarroak probintzia kategoria izan zuen, eta horrek botere legegilea eta judiziala galtzea ekarri zuen, erregearen ordez gobernadore zibila izatea, aduanak barnetik Pirinioetara eramatea, soldadutza haien lurraldetik kanpo ere egin behar izatea, eta zergak Estatuko Ogasunari ordaindu behar izatea. Nafarroak foruetatik gorde zuena hurrengoa izan zen: zuzenbide zibila eta zergak administratzeko autonomia Diputazioaren eskuetan uztea. Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban, berriz, diputazioetako ordezkariek (moderatuek) ez zuten adostasunik lortu, nahiz eta negoziatzen jarraitu. Azkenean, 1841eko urriaren 29ko Legea ezarri zuten, Gorteek Foruak aldatu eta konstituziora egokitzeko. Haren bitartez, hiru euskal lurraldeek galdutakoa honakoa izan zen: Foru baimena, Batzar Nagusiak, Foru Diputazioak, sistema judizial propioa eta aduanak barnean izatea. Eta honako hau mantendu zuten: zuzenbide zibila, soldadutza eta zerga sistema. 1844an, liberal moderatuak gobernura heltzean, galdutako batzuk berreskuratu zituzten: Batzar Nagusiak eta Foru Diputazioa. Baina, Foru-baimena eta aduanak betiko galdu ziren. 1845 eta 1876 bitartean, nahiz eta behin-behineko irtenbidea izan, gobernuak ez zituen foruak aldatu, eta erregimen foralak inoiz baino garapen handiagoa lortu zuen.

Garrantzia Historikoa

Lege honen bidez, foruak baliogabetzeko prozeduraren hasiera eman zen. Euskal probintziek eta Nafarroak ordura arte izan zituzten bereizitasun politikoak, ekonomikoak eta sozialak galdu zituzten, beraz, euskal lurraldeen eskubideak historikotzat hartzen zuten planteamendua bertan behera gelditu zen. Lege honen eraginak gaur egun arte irauten du, 1978ko konstituzioan agertzen baita.

6. 1876KO UZTAILAREN 21EKO LEGEA

Kokapena

Testu hau iturriaren aldetik historiko primarioa da. Formaren arabera, juridikoa da, lege bat delako, eta edukiaren aldetik, politikoa. Egilea Antonio Canovas del Castillo, alderdi kontserbadorearen burua izan zen. Hala ere, Alfontso XII.ak sinatu eta berretsi zuen. Publikoa da, nazio osoari zuzenduta baitago, baina, bereziki Euskal Herriko biztanleei. Kokapenari dagokionez, 1876ko uztailaren 25an Madrilgo Gazetan argitaratua izan zen. Alfonso XII.aren garaian aurkitzen da, azken Gerra Karlista (1872-1876) amaitu ondoren eta Berrezarkuntza hasi zenean. Azkenik, asmoa foruak deuseztatzea zen, Canovasen helburu zentralista ezartzeko.

Analisi

Lege honen bidez foruak behin-betiko deuseztatu ziren. Lehengo paragrafoan, Alfontso XII.ak Gorteek eginiko 1876ko uztailaren 21eko Legea berretsi duela jakinarazten da. Lehenengo artikuluan, soldadutza egitetik eta zerga salbuespena ezerezten dira. Gainera, gainerako probintziak bezala estatuaren gastuak ordaindu behar zituztela adierazten da.

Bigarren artikuluan, armadara bidaltzeko gizon kopurua zehazten da, eta hurrengo artikuluan, hirugarrenean, Euskal Probintziak aurrekontuetan adierazitako zergak ordaintzera behartuta daudela. Bi artikulu hauekin, zerga eta soldadutza egiteko salbuespenekin bukatzen dela argi geratzen da. Azkenik, laugarren artikuluan, baimena ematen dio gobernuari garai horretako erreformak eta iraganeko edozein erreforma onartzeko.

Testuingurua

Foruak euskal lurraldeetan Espainiako gainerakoetatik bereizi egiten dira, luzarorako eta gainera aldaketarik gabe iraun zutelako. Foru hitzak bi esanahi ditu; alde batetik, foruzaleen ustez, ohiturazko zuzenbidea da, eta beste alde batetik, antiforuzaleen ustez, herri bati aitorturiko eskubide, arau eta pribilegioak biltzen dituzte.

Nahiz eta lurralde bakoitzean foruek berezitasunak izan, guztiek hainbat ezaugarri berdin dituzte:

  • Arlo sozialean: kaparetasun unibertsala zuten, hau da, gizarte berdintasunik ez zegoen. Zerga zuzenik ez, armadan aritzeko eragozpenik ez, eta berezitasun bat zuten: nobleziak lan egiten zuela. Gainera, gurasoek oinordekoa izendatzen zuten.
  • Arlo ekonomikoan: zerga salbuespena eta fiskalitate autonomoa zuten. Bestetik, barne aduanek euskal merkataritza garatzeko bidea eman zuten.
  • Arlo politiko-administratiboan: subiranotasun partekatuko erregimen politikoa ezartzen zuten, eta horrek autonomia maila ematen zien euskal lurraldeei. Kontraforuen aurrean, foru-baimena zuten foru-erregimena babesteko. Ordezkaritzan, hautagai izateko baldintzak zorrotzak ziren, eta hautatzeko sistemak tradizionalak eta kontserbadoreak ziren. Bi euskal erakunde nagusi zeuden: Batzar Nagusiak eta Aldundiak.
  • Arlo militarrean: erregearen deialdi militarretatik ia salbu egoteko pribilegioa zuten.

Nahiz eta 1876ko uztailaren 21eko lege honek euskal foruak ezeztatu zituen, foruak deuseztatzeko lehenengo arriskuak 1808ko Baionako Estatututik datoz. Dena dela, Estatutu hau ez zen ezarri, 1810eko Otsaileko Dekretua, berriz, bai (dekretu honek Foru Aldundiak eta Batzar Nagusiak desegitea agintzen zuen). 1812ko Cadizko Konstituzioak pribilegioak deuseztatzen zituen eta berdintasunaren printzipioa ezartzen zuen, beraz, foru erregimenaren aurka egiten zuen. Baina gerra zela-eta, oso zaila izan zen konstituzioa praktikan jartzea, eta ez zen ia aplikatu, beraz, 1814an foru erregimena berriz ere indarrean jarri zen. Lehenengo Gerra Karlistaren ondoren, 1839ko urriaren 25eko Legearen bidez euskal probintzietako eta Nafarroako foruen berrespena aldarrikatu zen. Beraz, euskal lurraldeek bilerak antolatu zituzten legeak agindutakoa burutzeko, eta honek, lau probintzietako batasunaren apurketa ekarri zuen. Gerra honen protagonistak karlistak eta isabelinoak izan ziren.

Alde batetik, baserri munduak, Karlos Maria Isidroren alde egin zuen, baina baita: zorroztasun erlijiosoaren, monarkia absolutistaren, foruen defentsaren eta bizimodu eta jabetza tradizionalaren defentsa. Eta beste aldetik, hiriko burgesia liberalak, Isabel II.aren alde egin zuen eta: elizak boterea murriztearen, monarkia konstituzionalaren, berdintasunaren, zentralismo politiko-administratiboaren eta jabetza askearen defentsaren aldekoak ziren. Beranduago, 1841ean, Esparterok progresisten programa bateratzaile eta zentralista aurrera eramaten saiatu zen. 1841eko abuztuko Nafarroako Foruen Aldaketarako Legearen bidez, erresuma izateari utzi eta estatuko probintzia arrunta bilakatu zen (Gorteak, aduanak… galdu zituen). Hortik aurrera, Nafarroa gainerako euskal probintziek hartutako erabakietatik kanpo geratu zen. 1841eko urriaren 29ko Dekretuaren bidez Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foruak murriztu egin ziren (Foru Diputazioak, Batzar nagusiak eta Foru baimena ezabatu ziren, aduanak portu eta nazioarteko mugara eraman ziren). 1844an, Errege Dekretuaren bidez, liberal moderatuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foruak berriz indarren jarri ziren. Foru-ahalmen batzuk berreskuratu ziren, eta Batzar Nagusiak eta Diputazioak berrezarri ziren. Hirugarren Gerra Karlista bitartean, karlismoak babesa eta 1876an gerra galdu zuen. Karlismoaren porrotaren ondorio zuzena foruen abolizio formala izan zen, aztertzen ari garen 1876ko uztailaren 21eko Legearen bidez. Gainera, tartean, 1876ko Konstituzioa onartu zen, eta espainiar oro lege bakarraren menpe geratu zen. Beraz, foruak Konstituzioarekin bateraezinak zirenez, abolitu ziren. 1877an Foru Aldundiak eta Batzar Nagusiak ezabatu ziren, haien ordez, Diputazio Probintzialak ezarriz. Honela, hiru lurraldeak Espainiako erregimenaren menpe geratu ziren. 1878an Kontzertu ekonomikoa ezarri zen, diputazioek zerga gehienak kudeatzeko eta biltzeko eskubidea lortu zuten, horren truke, estatuari kupoa ordainduz. Diputazioek autonomia berreskuratu zuten, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako berezitasun fiskalak mantendu ziren.

Garrantzia Historikoa

Lege honek Euskal probintzietako foruen desagerpena ekarri zuen. Beraz, Bizkaiak, Gipuzkoak eta Arabak, zituzten lege berezien desagerpena ekarri zuen. Hala ere, ekonomiaren aldetik, Madrilekin akordio batera iritsi ziren, eta Kontzertu Ekonomikoa lortu zen. Beraz, nolabaiteko autonomia fiskala lortu zen, eta honekin inbertsioak eta zerbitzu asko garatu ziren, industrializazio prozesua ahalbidetuz. Arlo politikoari dagokionez, gobernu liberalaren batasuna bultzatzea espero zen, eta karlistaldien amaiera eman zen.

Deskargatu

PDF Word HTML