Bizkaiko Industrializazioa eta Meatzarien Bizimodua
Vicente Blasco Ibáñez eta Bizkaiko Industrializazioa
Vicente Blasco Ibáñez idazleak 1904an Valentzian idatzitako testu historiko, politiko eta publiko baten iruzkina da hau. Pasartea XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako Bizkaiko industrializazio garaian kokatzen da, Espainiako Errestaurazio garaian.
Testuaren Azterketa eta Meatzarien Egoera
Testua bi zatitan banatu daiteke:
- Lehenengo zatian: Meatzarien lau egoera desberdin deskribatzen dira.
- Bigarren zatian: Langileen bizimodua aztertzen da.
Ideia nagusia meatzariek lanean zein eguneroko bizitzan jasaten zuten egoera latza da. Bizkaian lan egiten zuten peoien etxeak eta bizimodua aztertzen dira, honako ezaugarri hauek nabarmenduz:
- Giro kiratsua eta meategietako etxe-barrakoiak.
- Janari eskasia.
- Lan baldintza gogorrak eta espezializazio falta.
Immigrazio masiboa egon zen garai hartan Bizkaian, eta langileak, goseak bultzatuta, edozein baldintzatan lan egiteko prest zeuden.
Industrializazioaren Bilakaera Bizkaian
Europan XIX. mendean hasitako prozesua Bizkaian Lehen Karlistaldia amaitzean abiatu zen. Bessemer bihurgailuari esker, Bizkaian oso ugaria zen burdin mea Britainia Handira esportatzen zen, eta handik harri-ikatza ekarri. Esportazio horiek sortutako kapitala industria siderurgikoan inbertitu zen, eta 1880ko hamarkadan hasi zen benetako Bizkaiko industrializazioa.
Demografia Eztanda eta Hirigintza
Industrializazioaren ezaugarririk esanguratsuenetarikoa demografia eztanda izan zen. Alde batetik, heriotza-tasa jaitsi eta jaiotza-tasa mantendu zenez, biztanleriak gora egin zuen. Beste aldetik, industria-guneetan eskulan askoren beharra zegoenez, immigrazio handia egon zen landa-mundutik hirira.
Dena dela, langile horien metaketak eta bizi-baldintza txarrek heriotza-tasa berriro igotzea eragin zuten XIX. mende bukaeran. Immigrazio masiboaren ondorioz, hirigintza eratu zen azpiegiturak hobetzeko asmoz. Hala ere, enpresek lantegien inguruan eraikitzen zituzten langile-auzoek askotan ez zuten zerbitzurik ezta baldintza higieniko egokirik ere.
Gizarte Aldaketak eta Langile Mugimendua
Gizarte aldaketa nabarmenak izan ziren immigrazioa nagusitu baitzen. Orduan sortutako desberdintasun sozialak desagerrarazteko, edo gutxienez langileriaren eskubideak defenda zitezen, langileen mugimendua sortu zen Bizkaian. Bizi-baldintza txarrak hobetzeko asmoz, sindikatu sozialistak, anarkistak eta nazionalistak antolatu ziren.