Bigarren Mundu Gerra: Kausak, Garapena eta Ondorioak

Historia7,87 KB

1. Pariseko Bakea eta Versaillesko Ituna (1919)

Pariseko Bake Konferentzian Alemaniari baldintza gogorrak inposatu zitzaizkion Versaillesko Itunaren bidez, bere potentzia ekonomiko, politiko eta militarra desegiteko helburuarekin:

  • Inperio izaera galdu zuen: kolonia guztiak eta Europako lurraldeak (Alsazia eta Lorena, adibidez) kendu zitzaizkion.
  • Indar militarra nabarmen murriztu zitzaion.
  • Gerrak eragindako kalte-ordainek ekonomikoki suntsitu zuten, estatua berreraikitzeko ezintasun larrian utziz eta alemaniar markoak balioa galdu zuen.

Hitlerrek behin eta berriz salatu zituen Versaillesko Itunaren umiliazioa eta Weimarko Errepublikako gobernuaren ustezko traizioa.

2. 1929ko Wall Streeteko Cracka

Krisiak gogor jo zuen Italia, Japonia edota Alemania bezalako herrialdeetan. Bereziki Alemaniak, AEBri kredituak eskatu behar izan baitzizkion Lehen Mundu Gerraren ondoren, bere ekonomia estatubatuarraren menpe geratuz.

3. Totalitarismo Espantsionistak Indartzea

Krisiak erregimen totalitarioen agerpena eta zabalpena eragin zuen, askotan Italiako Mussoliniren faxismoa oinarri hartuta:

  • Alemanian: Hitlerren politika espantsionista nabarmendu zen.
  • Italian: Mussolinik ere Italia hedatu nahi izan zuen, Afrikako Abisinia (Etiopia) inbadituz. Hitlerrekin aliatu zen (Erroma-Berlin Ardatza).
  • Japonian: Asiako inperio indartsuena bihurtzeko nahia piztu zen.

4. Demokrazien Ahulezia

1929ko krisi ekonomikoaren ondorioz, demokraziek ahulezia erakutsi zuten. AEB neutral deklaratu eta isolatu egin zen. Egoera hori faxistek eta naziek beren aldarrikapen espantsionistak gogortzeko aprobetxatu zuten. Frantziak eta Britainia Handiak, beste mundu gerra baten beldur, "baretze politika" bat mantentzea erabaki zuten.

5. Itunen Politika eta Gerraren Hasiera

30eko hamarkadaren erdialdetik aurrera, potentzia ezberdinak itunak sinatzen hasi ziren.

Alemaniaren Hedapena

  • Lehenengo Austrian sartu zen (Anschluss, 1938).
  • Gero Txekoslovakiaren Sudeteak eskatu zituen.
  • Municheko Konferentzian (1938): Frantziak, Italiak eta Britainia Handiak, baretze politikari jarraituz, Txekoslovakiako Sudeteen eskualdea Alemaniari ematea onartu zuten.

Gerraren Piztea: Poloniaren Inbasioa (1939)

  • Hitlerrek Polonia hartu nahi zuen, baina herrialde hau Frantziaren eta Britainia Handiaren babespean zegoen.
  • Alemaniak erasorik ez egiteko itun sekretua sinatu zuen Sobietar Batasunarekin (Molotov-Ribbentrop Ituna), Polonia bien artean banatzea adostuz.
  • Itun honen babesarekin, Hitlerrek Danzig Hiri Askea eskatu zion Poloniako gobernuari. Ezezkoa jaso zuenean, Alemaniak Polonia inbaditu zuen 1939ko irailaren 1ean.
  • Orduan, Frantziak eta Britainia Handiak gerra deklaratu zioten Alemaniari. Bigarren Mundu Gerra hasi zen.

Gerraren Amaiera

Alemaniaren Errendizioa

Hegoaldetik indar britainiar-estatubatuarrek eta iparraldetik sobietarrek Alemania inguratuta zeukaten, Berlinera hurbilduz. Azkenik, sobietar tropek Berlin hartu zuten. Hitlerrek bere buruaz beste egin zuen Berlingo bunkerrean, atxilotua ez izateko. Berlin bortizki bonbardatua izan zen, eta handik gutxira, 1945eko maiatzean, Alemaniako ordezkariek baldintzarik gabeko errendizioa sinatu zuten fronte guztietan. Gerra Europan amaituta zegoen.

Japoniaren Errendizioa

Ozeano Barean, Estatu Batuek aurrera egiten jarraitu zuten. Japoniar armadak hil arte borrokatzeko agindua zuen. Gerra lehenbailehen amaitzeko asmoz, AEBk bonba atomikoa erabiltzea erabaki zuen Hiroshima (abuztuak 6) eta Nagasaki (abuztuak 9) hirien aurka. Japonia 1945eko irailaren 2an errenditu zen.

Gerra Osteko Bake Konferentziak

Aliatuek bake iraunkorra lortu nahi zuten, munduan bi potentzia nagusi berri zeudela kontuan hartuta: Estatu Batuak eta SESB (Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna). Gerra bitartean eta amaieran, zenbait konferentziatan bildu ziren bakerako baldintzak adosteko:

1. Yaltako Konferentzia (1945eko otsaila)

Stalin, Roosevelt eta Churchill bildu ziren naziengandik askatutako Europaren etorkizuneko egoeraz eztabaidatzeko. Une horretan, egoera militarra Stalinen aldekoa zen.

  • Stalinek Ekialdeko Europan hauteskunde libre eta demokratikoak egiteko konpromisoa hartu zuen (gerora bete ez zuena).
  • Alemania armadarik gabe utzi eta lau okupazio-eremutan banatzea erabaki zen, potentzia garaile bakoitzak (SESB, AEB, Britainia Handia eta Frantzia) bat administratuko zuela.
  • Nazio Batuen Erakundea (NBE) sortzea proposatu zen, nazioarteko bakeari eta segurtasunari eusteko helburuarekin.

2. Potsdamgo Konferentzia (1945eko uztaila-abuztua)

Aliatuen arteko desadostasunak nabarmentzen hasi ziren (Roosevelt hil zen eta Trumanek ordezkatu zuen, Churchill hauteskundeetan garaitua izan zen eta Attleek ordezkatu zuen). Hala ere, puntu batzuetan ados jarri ziren:

  • Naziek egindako gerra krimenen arduradunen aurkako epaiketak hastea (Nurenbergeko epaiketak).
  • Alemaniaren desmilitarizazioa, desnazifikazioa eta demokratizazioa berrestea.
  • Alemaniaren eta Austriaren okupazioaren xehetasunak zehaztea.

Gerraren Ondorioak: Munduko Ordena Berria

  • Blokeen Eraketa

    Mundu-ordena bi superpotentziaren inguruan egituratu zen: AEB eta SESB. Bi bloke antagoniko sortu ziren, kapitalista eta komunista.

  • Europako Aldaketak

    Aldaketa handienak Ekialdeko Europan gertatu ziren:

    • SESBek bereganatu zituen Estatu Baltikoak (Estonia, Letonia, Lituania), Poloniako ekialdeko eskualdeak eta Finlandiaren zati bat. Beste herrialde batzuetan (Polonia, Txekoslovakia, Hungaria, Errumania, Bulgaria, Albania) erregimen komunistak ezarri zituen.
    • Alemaniaren banaketa: Hasieran lau okupazio-eremutan banatu zen (SESB, AEB, Britainia Handia, Frantzia). Laster, AEBren eta SESBen arteko tentsioak handitu zirenez ("Altzairuzko Oihala"), Alemania bitan banatu zen 1949an:
      • Alemaniako Errepublika Demokratikoa (AED): Sobietar Batasunak kontrolatutako ekialdeko zatia.
      • Alemaniako Errepublika Federala (AEF): AEBk, Britainia Handiak eta Frantziak kontrolatutako mendebaldeko zatia. Berlin hiria ere modu berean banatu zen.
  • Gerra Hotzaren Hasiera

    • Truman doktrina (1947): AEBk Sobietar Batasunaren hedapena (komunismoa) geldiarazteko hartutako konpromiso politiko eta militarra.
    • Marshall plana (1948): AEBren laguntza ekonomikorako plana, Mendebaldeko Europa berreraikitzen laguntzeko eta komunismoaren eragina mugatzeko.
    • Bi superpotentzien arteko tentsio eta lehia garaiari Gerra Hotza deitu zitzaion.
  • Deskolonizazioa

    Europako potentziek (Britainia Handia, Frantzia, etab.) beren inperio kolonialak galtzen hasi ziren Asian eta Afrikan. Prozesu deskolonizatzaileak ez zuen hasieran ondorio ekonomiko larriegirik izan metropolientzat, baina independentzia lortu zuten herrialde berriek erronka handiei aurre egin behar izan zieten (muga artifizialak, ezegonkortasun politikoa, menpekotasun ekonomikoa).

  • Europaren Batasunerako Lehen Urratsak

    Gerraren suntsiketak eta blokeen arteko tentsioak Europako herrialde batzuen arteko lankidetza bultzatu zuten, etorkizuneko Europako Batasunaren hazia ereinez.

  • Nazio Batuen Erakundearen Sorrera (NBE)

    Nazioarteko gatazkak modu baketsuan konpontzeko eta lankidetza sustatzeko sortu zen 1945ean.

Deskargatu

PDF Word HTML