Bigarren Errepublika eta Gerra Zibila Euskal Herrian
Bigarren Errepublika eta Gerra Zibila Euskal Herrian (1931-1939)
1931ko apirilaren 12ko udal hauteskundeetan errepublikarrek irabazi zuten. Euskal hiriburuetan ere halaxe gertatu zen, Iruñean izan ezik, monarkikoek irabazi baitzuten. Apirilaren 14an, Espainian II. Errepublika aldarrikatu zuten; Eibar izan zen hori egin zuen lehen hiria. Egoera horren aurrean, Alfontso XIII.ak Espainia utzi eta erbesteratu zen. Alcalá-Zamora buru zela, behin-behineko gobernua eratu zen, eta konstituzioa onartu ondoren, behin betiko gobernua osatu zuten.
Gorte Konstituziogileak eta hauteskundeak
Ekainaren 28an, gorte konstituziogileetarako hauteskundeak egin ziren. Gizonen sufragio unibertsalari eutsi zitzaion (23 urteko gutxieneko adinarekin). Errepublikanoen eta sozialisten koalizioak gehiengoa eskuratu zuen, baina euskal probintzietan ezkerrak porrot egin zuen. EAJk, erlijioa eta Lizarrako proiektua defendatuz, emaitza bikainak lortu zituen.
Azañaren biurtekoa (1931-1933)
Konstituzioan emakumeen boto eskubideari eta gai erlijiosoei emandako tratuagatik, Alcalá-Zamorak dimititu zuen eta Azañaren biurtekoa hasi zen. Estatu mailan Manuel Azaña izan zen gobernuburu, baina Euskal Herrian hirietan alkate errepublikanoak nagusitu ziren sozialisten laguntzarekin, eta landa-eremuetan karlisten boterea gailendu zen.
II. Errepublikaren ezaugarriak Euskadin
1. Indar politikoak
Hiru indar nagusi zeuden:
- Comunión Tradicionalista: alderdi karlista, kontserbadorea eta Errepublikaren aurkakoa.
- EAJ-PNV: alderdi nazionalista nagusia.
- PSOE: langileen alderdi garrantzitsuena.
Talde txikiagoak ere baziren: Renovación Española, Eusko Abertzale Ekintza (EAE-ANV) eta Alderdi Komunista.
2. Ekonomia krisia
1929ko krisiak eragin sakona izan zuen siderurgian eta ontzigintzan. Langabezia eta lan-gatazkak ugaritu ziren. 1934ko urriko iraultzan, istilu gogorrak izan ziren Ibaizabal ezkerraldean eta Deba inguruan.
3. Prozesu autonomikoa
Donostiako Ituna sinatu zen monarkiaren aurka, baina EAJ eta karlistak ez ziren bilerara joan, eta horrek mesfidantza sortu zuen errepublikanoengan. Eusko Ikaskuntzak proiektu bat prestatu zuen, baina Lizarrako proiektuak (karlistek eta nazionalistek bultzatua) eztabaida handia sortu zuen bere izaera ultrakatolikoagatik. Azkenean, Parlamentuak estatutua konstituzio-kontrakotzat jo zuen.
Diputazioen proiektua eta 1936ko Estatutua
1931ko abenduan "Gestoren Proiektua" sortu zen, demokratikoagoa eta laikoa. 1933ko hauteskundeetan eskuinak irabazi zuen, baina 1936ko otsailean Fronte Popularrak boterea eskuratu zuen. Gerra hasi zenean (1936ko uztailaren 17an), 1936ko Autonomia Estatutua onartu zen. Hala ere, gerraren ondorioz, Bizkaian eta Gipuzkoako zein Arabako zati batzuetan baino ez zen indarrean egon. 1937ko ekainean, frankistek Bizkaia menperatu zuten eta euskal autonomia desagertu zen 1978ra arte.