Bigarren Errepublika: 1933-1936ko Bilakaera Politikoa

Historia5,53 KB

1933ko Hauteskundeak eta Zentro-Eskuineko Biurtekoa

1933ko hauteskundeetan emakumeek lehen aldiz botoa eman ahal izan zuten. Eskuina, CEDA eta Alderdi Erradikala izan ziren garaileak. Euskal probintzietan, berriz, EAJk garaitu zuen.

Lerroux izan zen gobernuko presidentea; gobernua zentroko beste alderdi errepublikano batzuekin batera eratu zen, CEDAren laguntza parlamentarioarekin. Dena den, CEDAk presioa egin zion gobernuari lehen biurtekoko erreformak berrikusteko. Gobernu berriak erreforma batzuk atzera bota zituen:

  • Erlijio-politika berrikusi eta legeak ez zituen aplikatu.
  • Lan-arloko legeak eta nekazaritza-erreformako aurreko legeak zuzendu zituzten.
  • Gorteek amnistia eman zieten 1932ko estatu-kolpean parte hartutako jeneralei.

Neurri hauek ondorio larriak izan zituzten. Ezkerreko errepublikanoak indarberritzen hasi ziren, eta landako gizarte-gatazkak zein tentsio autonomikoak indartu egin ziren.

1934ko Urriko Iraultza

1934ko urrian, CEDAk gobernuan sartzea exijitu zuen. Horrela, gobernu berria eratu zen, CEDAko hiru ministrorekin. Ezkerreko errepublikanoek traiziotzat hartu zuten CEDA gobernuan sartzea. Gil Roblesek, alderdiko buruzagiak, Errepublika suntsitu nahi zuela pentsatu zuten (Alemanian gertatu zen bezala).

Sindikatu sozialistak Espainiako hiri nagusietan greba orokorrera deitu zuen. Hala ere, matxinadak Kataluniako iraultza nazionalista eta Asturiasko langileen altxamendua piztea baino ez zuen lortu. Asturiasen iraultza soziala gertatu zen; UGT, CNT eta komunistak biltzea lortu zuten. Greba erradikala eta bortitza izan zen.

Gobernuak greba-egoera deklaratu zuen, eta errepresioa oso gogorra izan zen (atxiloketak, torturak, heriotza-zigorrak...). Kataluniako autonomia etendu zuen gobernuak.

Krisia eta Fronte Popularraren Garaipena

Matxinada amaitu ondoren, Lerrouxek beste gobernu bat eratu behar izan zuen, CEDAko ministro gehiago sartuz. Hortik aurrera, lehen biurteko erreformak azkarrago indargabetzen hasi ziren, eta erreforma konstituzional bat ere egin nahi zuten.

Baina, erreformari ekin aurretik, Alderdi Erradikalaren krisia piztu zen, ustelkeria kasuak zirela eta. Egoera horretan, Gil Roblesek boterea bereganatu nahi zuen, baina Alcalá Zamorak ez zuen nahi. Estatu-kolpe bat gertatuko zelako zurrumurruen artean, Alcalá Zamorak gorteak desegin zituen eta hauteskundeetara deitu zuen 1936ko otsailerako.

1936ko urtarrilean, ezkerreko alderdiek aliantza handi bat egin zuten: Fronte Popularra. Ezkerreko alderdi errepublikanoen, sozialisten eta komunisten arteko akordio baten bidez eratu zen. Hauteskundeetara aurkezteko zen, baina ez gobernatzeko. Programa moderatua zuen, eta 1934ko urriko gertakariengatik espetxeratuei amnistia ematea eta biurteko gobernuaren erreformak berrezartzea hitzartu zuten.

Hauteskunde hauetan, CNTk jendeari botoa ematea gomendatu zion.

1936ko Hauteskundeak eta Gerra Zibilaren Ataria

1936ko hauteskundeetan Fronte Popularrak garaipen estua lortu zuen. Baina, hauteskunde-legeak ezarritako gehiengoaren sistemak Fronte Popularrari diputatu asko eman zizkion. Arrakasta handia izan zuen hiri handietan, Extremaduran, Asturiasen eta Mediterraneo itsasoaren ertzean.

Koalizioaren aurkariek, eskuinak eta zentroak, landa-eremuetan eta Aragoian irabazi zuten. Euskal probintzietan EAJk irabazi zuen.

Gobernu berria ezkerreko errepublikanoek osatu zuten; sozialistek ez zuten errepublikanoekin gobernatu nahi izan. Gorte berriak osatu ondoren, Manuel Azaña Errepublikako presidente hautatu zuten, Alcalá Zamoraren ordez; gobernu-buru, berriz, Casares Quiroga aukeratu zuten.

Hainbat neurri hartu zituzten: amnistia eman zitzaien 1934ko gertakariengatik espetxeratutakoei, eta Katalunian autonomia berrezarri zen. Lehen biurtekoko erreformei berriz heldu zitzaien.

Gizartearen Polarizazioa eta Altxamendu Militarra

Eskuineko alderdiek eta sektore kontserbadoreenek gertakariak errepublikaren lehen urteetan baino larridura handiagoz hartu zituzten. Errepublikaren eta Elizaren arteko borroka azeleratu zen.

Garai hartan, ezkerrean jarrera iraultzaileak, anarkistak eta UGT sindikatuko sektore erradikalena nagusitu ziren. Eskuin autoritarioetan, subertsioaren eta altxamenduaren aldeko diskurtsoa finkatu zen. Ezkerreko eta eskuinekoen arteko kaleko liskar bortitzak handitu ziren, milizia armatu falangistek sustatutakoak bereziki.

Militarrek matxinada eskuindarra prestatuta zeukaten, eta Fronte Popularrak irabaztean planak martxan jarri ziren. Mola jeneralak hartu zuen altxamenduaren zuzendaritza, eta Sanjurjo jenerala izendatu zuten buruzagi. Uztailaren 15ean, kolpeari Franco batu zitzaion.

Uztailaren 17an altxamendua hasi zen Marokon, eta 18an Iberiar Penintsulan. Errebolta militarrak porrot egin zuen hiri handi gehienetan, eta horrek hiru urteko Gerra Zibila ekarri zuen.

Testuaren Garrantzia

"El Socialista" testuan, Fronte Popularraren programaren puntu garrantzitsu batzuk aipatzen dira. Batzuk, biurteko erreformistaren erreformen jarraipena ziren; beraz, ez zen programa iraultzaile bat. Dena den, programan aliantzako kideen arteko aldeak agerian geratu ziren. Horren ondorioz, batasun politikoaren desadostasunak gobernu errepublikanoa ahuldu zuen.

Deskargatu

PDF Word HTML