Autarkia Frankista (1940-1950): Kausak, Ezaugarriak eta Ondorioak
Kausak eta Testuingurua
Gerra Zibilaren ondorio gogorrak eta Espainiako gobernuaren politika ekonomikoaren egoera zela eta, 40ko hamarkadan Espainiako ekonomiak hondoa jo zuen. Erregimen berriaren politika ekonomikoaren helburu nagusia autosufizientzia lortzea zen, eta horrek ondorio handiak ekarri zituen kanpo-merkataritzan, produkzioan eta produktuen banaketan. Horrela, Espainiako ekonomia kaltetuta geratu zen, eta zailtasun handiak sortu ziren herrialdean.
Autarkiaren Ezaugarri Nagusiak
Frankistek autarkia gerraren suntsiketen ondoren espainiar ekoizpena babesteko modu bat zela defendatzen zuten, gerrak eta ondorengo isolazionismoak markatutako testuinguru batean. Autarkia politika hau agintari frankisten hautu bat izan zen, helburu nagusia ekonomia independentea izatea zen. Horrek isolamendua sustatzen zuen eta ekonomia liberalarekiko edo kanpoko eragin ekonomikoekiko mesfidantza zegoen, proiektu totalitario baten parte baitzen.
Espainiako gobernuaren helburua autarkia lortzea zen. Horrela, Franco autohornikuntza lortzen saiatu zen, Espainian ekoitzi zitezkeen atzerriko produktuak inportatzea saihestuz. Horretarako, Estatuak ekonomiaren arlo guztietan parte hartu behar izan zuen, Primo de Riveraren diktaduraren garaian bezala. Gobernuak legeak eta dekretuak onartu zituen, eta horien bidez, kontsumoa, prezioak, merkataritza eta inbertsioei buruzko erabaki garrantzitsuak hartu zituen.
Ondorio Ekonomiko eta Sozialak
Autarkiaren ondorioak ez ziren positiboak izan. Hauek izan ziren nagusiak:
- Kanpo-merkataritza murriztea: Kanpo-merkataritza asko murriztu zen, eta 1945era arte Espainiak Ardatzeko potentziekiko mendekotasun handia zuen.
- Desoreka ekonomikoa: Ordainketa-balantzan desoreka sortu zen, Espainiako industria ez zelako lehiakorra.
- Inflazioa eta errenta jaitsiera: Errenta jaitsi eta inflazioa igo zen, gobernuak zor publikoa ordaintzeko txanpona igorri zuelako.
- Produkzioaren jaitsiera: Industria ekoizpena asko jaitsi zen, lehengaiak, kapitala eta teknologia falta zirelako. Horrek nekazaritza-sektorearen porrota eragin zuen eta bizi-maila jaitsi zen.
Errazionamendua eta Merkatu Beltza
Soldatak oso baxuak ziren eta gose handia zegoen. Produktuen falta zela eta, administrazioak banaketa kontrolatu behar izan zuen. Horrek errazionamendua eta merkatu beltzaren sorrera ekarri zituen.
Oinarrizko produktuen errazionamenduak, beste batzuen falta izateak eta prezio ezegonkorrek merkatu beltzean saltzea eragin zuten, non prezioak 5 edo 10 aldiz biderkatzen ziren. Merkatu horrek errazionamendu-kartilla desagertu arte (1953-54) funtzionatu zuen.