Aro Modernoa: Esplorazioak, Aldaketak eta Aginte Motak
Esplorazio berriak eta lurralde bilaketa
Europako estatu askok Erdi Aroan zehar merkataritza gune nagusi bezala Mediterraneo itsasoa izan zuten. Bestetik, Ekialde Hurbila ere gune garrantzitsua zen Txinarekin zuten merkataritza bidea (Zetaren Bidea) mantentzeko. Bide horren barruan, Konstantinoplak funtzio berezia betetzen zuen. Hiriburu bizantziar hau, ordea, 1453an konkistatua izan zen Otomandar Inperioaren eskutik. Modu honetan, Asiarako bide nagusia moztu zitzaien europar merkatari eta estatuei, bai eta Mediterraneo itsasoaren zati handi bat ere.
Gizarte eta ekonomia aldaketak (XVI. mendea)
Gizartearen egitura
- Gizartea pribilegiatu eta ez-pribilegiatuen artean banatuta egoten jarraitu zuen.
- Pribilegiatuen artean, Nobleziak eta Kleroak botere handia mantentzen jarraitu zuten: zuzeneko zergarik ordaindu gabe eta goi-kargu politikoak betetzen.
- Ez-pribilegiatuen artean, ordea, aldaketak hasi ziren ematen. Pribilegiorik izango ez zuten arren, burgesiako zenbait talde (burgoko edo hiriko biztanleak) garrantzi handia hartzen hasi ziren, bereziki merkatari eta bankari handiak. Hauen artean, artisau eta merkatari txikiek bizi-maila apalekin jarraitu behar izan zuten.
- Nekazariei dagokionez, jopu izaera galtzeko aukera izan zuten, orokorrean, eta nekazari libre bihurtu ziren zenbait tokitan (lurjabe txiki eta laborariak).
Oparotasun ekonomikoaren garaia
- Hazkunde demografikoak elikagai eskaria handitu zuenez, nekazaritza-ekoizpena asko handitu zen. Horrek ekarri zuen aurretik landu gabeko lurrak lantzen hastea eta teknika berriak erabiltzea.
- Artisauen lanen eskaerak ere gora egin zuenez, manufaktura-jarduerak garatu ziren.
- Konkista bidez bereganatutako eta ezagututako lurralde berriek merkataritza-jarduera hedatzea ekarri zuten.
- Bankuen jarduera eta teknikak berritu egin ziren, eta horri esker zenbait familia ikaragarri nabarmentzen hasi ziren.
Erlijio-aldaketak Europan: Erreforma
Eliza Katolikoaren krisia
Aro Modernoaren hasieran, Eliza Katolikoak krisi sakona bizi izan zuen:
- Goi-kleroa luxuz beteta bizi zen, kristautasunaren oinarrien aurka.
- Kleroak prestakuntza urria zuen.
- Erlijio-kargu asko erosi egiten zirenez, erlijio-bokaziorik gabeko pertsonek betetzen zituzten kargu horiek.
- Induljentziak hedatu ziren. Modu honetan, bekatuak barkatu zitezkeen diruaren truke.
- Inprentari esker egondako Biblien hedapenak honen irakurketa kritikoa ekarri zuen. Elizak mendeetan zehar esandakoa eta egindako interpretazioak zalantzan jartzen hasi ziren.
Erlijio-aldaketak Europan: Kontraerreforma
Intolerantzia eta errepresioa
- Ezinezkoa izan zen katoliko eta protestanteen arteko adostasuna, eta Europa bi erlijio-bloketan banatu zen.
- Orokorrean, Europa erdialdeko eta iparraldeko estatuak Aita Santuaren aurka jarri ziren, eta hegoaldeko herrialdeek fideltasuna gorde zioten.
- Banaketa honek erlijio-gerra ugari ekarri zituen XVI. mende osoan zehar, baita hilketa masiboak ere. Erlijioa tarteko, eta beste arrazoi politiko batzuk medio, Europa mailan egondako gerrarik garrantzitsuenetakoa Hogeita Hamar Urteko Gerra izan zen (1618-1648).
- Intolerantzia nagusitu zen. Kontrako erlijioa profesatzen zutenen aurka errepresio bortitza eta zentsura bideratu zen (debekatu egin ziren hainbat liburu argitaratzea, izan erlijiosoak edo zientifikoak).
- Inkisizioak, bereziki Espainian, errepresio eta zaintza handia ezarri zituen.
- Sorginkeria kasuengatik, ehundaka emakume (eta batzuetan gizonak ere) hil zituzten.
Krisialdi orokorra (XVII. mendea)
Gatazka sozialen ugaritzea
- XVII. mendean biztanleria pobretu egin zen eta desberdintasunak areagotu egin ziren gizartean.
- Gastu militar handiak eta gortearen (nobleziaren eta kleroaren) luxuak zirela eta, herri xeheari zergak igo zizkioten estatuek.
- Nekazariak pobretu eta beraien lurrak saldu behar izan zituzten zorrak kitatzeko. Burgesak, ordea, aberastu egin ziren lurrak merke erosten. Hiriko biztanleria ere, orokorrean, pobretu egin zen.
- Janari eskasia eta bizitzaren garestitzearekin batera, nobleziaren partetik presioa areagotu zen herri xehearengan.
- Erreboltak eta matxinadak ugaritu egin ziren.
Aginte motak: Monarkia eta Errepublika
Monarkia absolutista (Luis XIV.aren adibidea)
- Erregeari boterea jainkoak eman ziola uste zuten.
- Boterea pertsonalki erabili zuen. Ministroak zituen hari laguntzeko, baina azken hitza beti erregeak zuen.
- Nobleak azpiratu zituen eta zentralizazio politikoa bultzatu zuen.
- Katolikoak ez ziren erlijioak debekatu eta Frantziako Eliza bere menpe jarri zuen.
Monarkia parlamentarioa (Ingalaterraren adibidea)
- Erregearen boterea mugatu egin zen.
- Parlamentuak garrantzia hartu zuen eta bertan eztabaidatzen ziren lege eta gai nagusiak.
- Estatuaren boterea banatzeko oinarriak finkatzen hasi ziren.