AEBen Independentzia: Jatorria eta Garaipena
Ameriketako Estatu Batuen Independentziaren Jatorria eta Garapena
Kolonien eta Metropoliaren Arteko Desadostasunak
Erresuma Batuak ez zien uko egin nahi Amerikako lehengaiei, baina ez zuen interesik kolonietan industria garatzeko. Horrez gain, berarentzat gordetzen zuen merkataritzaren monopolioa, eta horrek zaildu egiten zuen Hamahiru Kolonien eta Amerikako beste eskualde batzuen arteko merkataritza-jarduna. Bazen, beraz, oinarri ekonomikoa zuen arazo bat, koloniek aurrera egiteko oztopotzat ikusten baitzuten metropolia.
Tentsio politikoak egoera hura larriagotu egin zuen. Hamahiru koloniak nahiko autonomoak ziren, Ingalaterrako monarkaren agintepean zeuden arren. Eskuduntza garrantzitsudun biltzarrak zituzten, eta haien esku zegoen, esaterako, zerga-bilketa. Kolonoen betebeharra zen zergak ordaintzea, baina nekez egiten zuten halakorik, aitzakiatzat jarrita ez zutela ordezkaritzarik britainiar Parlamentuan, hots, zerga horiek onesten zituen erakundean.
Tea Act Legea eta Independentzia Gerraren Hasiera
1764tik 1766ra, Jurgi III.a zenbait lege ezartzen saiatu zen, kolonietako zergak erregulatzeko; koloniek, ordea, britainiar produktuei boikota eginez erantzun zioten. 1773an, Britainia Handiko Parlamentuak Tea Act izeneko aktak ezarri zituen, eta haien bidez, Ekialdeko Indietako Konpainia Ingelesaren esku utzi zuen kolonietako te-salmentaren monopolioa. Horrek kalte egin zien Amerikako merkatariei, eta, horren ondorioz, eraso egin zieten Bostonen porturatuta zeuden tez kargatutako zenbait britainiar ontziri. Gertaera horri Tearen Matxinada deritzo, eta Independentzia Gerraren hasieratzat jotzen da.
Independentzia Aldarrikapena eta Gerra
Une horretatik aurrera, aldaketa politiko handiak gertatu ziren. 1776an, Thomas Jeffersonek Virginiako Eskubideen Adierazpena idatzi zuen, eta han, nazioaren subiranotasuna, botere-banaketa eta sufragioa adierazi zituen. 1776ko uztailaren 4an, Hamahiru Kolonietako ordezkariek Ameriketako Estatu Batuen Independentziaren Aldarrikapena sinatu zuten, Filadelfiako Kongresu Kontinentalean.
Amerikar matxinoen eta Erresuma Batuaren arteko gerra luzea izan zen (1775-1783). Kolonoek, George Washingtonen gidaritzapean, Frantziaren eta Espainiaren laguntza izan zuten, eta garaipen erabakigarriak lortu zituzten Saratogako eta Yorktowneko guduetan. Horien ondorioz, gerra amaitu eta Versaillesko Ituna sinatu zen (1783). Itun horretan aintzatetsi zuen Erresuma Batuak Estatu Batuen independentzia.
Estatu Batuetako Konstituzioa eta Lehen Presidentea
1787an, Estatu Batuetako Konstituzioa onartu zen, historiako lehena. Konstituzio horretan, nazioaren subiranotasuna eta botere-banaketa aitortzen ziren. Botere legegilea Senatuaren eta Ordezkarien Ganberaren esku zegoen –biak ala biak gizonezko zuriek aukeratuak, zuzeneko sufragio bidez–, eta botere betearazlea, berriz, presidentearen esku –zeharkako sufragio bidez aukeratua–. Botere judiziala epaile independenteei zegokien.
1789an, Estatu Batuetako lehen presidentea aukeratu zuten: George Washington.