1937ko Kontzertu Ekonomikoen Deuseztapena: Analisi Historikoa
1. Sailkapena
Aurrean daukagun testua dokumentu historikoa da, lehen mailako iturria, gertaera eta egilea garaikideak direlako. Lege-dekretu bat denez, izaera publikoa du eta formaren aldetik juridikoa da. Ematen duen informazio motaren arabera, testu ekonomiko-politikoa da. Francisco Francok sinatutako legea da; Bigarren Errepublikaren kontrako estatu-kolpeari hasiera eman zion militarra, Gerra Zibilean zehar “Generalisimo” kargua hartuko duena eta, irabaztean, Espainian erregimen diktatoriala ezarriko duena (1939-1975).
Testua espainiar biztanle guztiei zuzenduta dago, baina batez ere euskal probintzietako biztanleei, eta konkretuki gipuzkoar eta bizkaitarrei, hauek baitira dekretu honekin kaltetuenak. Testu hau 1937ko ekainaren 23an sinatu zen Burgosen, bando nazionalaren hiriburuan, eta egun bat geroago BOEn argitaratu zen. Beraz, Gerra Zibilaren garaiko (1936-1939) dokumentua da, zehazki Bilboren erorketa gertatu eta gutxira idatzia.
2. Testuinguru historikoa
Euskal Autonomia Estatutuaren aurrekariak 1876an bilatu behar ditugu. Garai horretan foruak deuseztatu ziren eta, geroago, Kontzertu Ekonomikoa onartu zen (1878), autonomia fiskal-administratiboa jasotzen zuena. Bigarren Errepublika aldarrikatu zenean, 1931ko Konstituzioak autonomien estatuaren eskubidea jasotzen zuen. Euskal Herriko lehenengo estatu-proiektua Lizarrako Estatutua izango zen (1931ko ekainean burutua), Nafarroa eta hiru euskal probintziak biltzen zituena.
Errepublikako gobernuak ez zuen onartu, erlijioaren arloan ezkerreko sektoreen printzipio laikoen kontrakoa zelako. Biurteko Erreformistaren garaian (1931-1933) Nafarroa autonomia proiektu berritik kanpo geratu zen, EAJk Errepublikarekin lankidetzan jardun zuen bitartean. 1936ko hauteskunde orokorrak Fronte Popularrak irabazi zituen eta, Gerra Zibila pizten denean, Gipuzkoan eta Bizkaian gehiengoa Estatutua betetzearen eta Errepublikaren alde zegoen.
Gatazkaren garapena Euskadin
- Gipuzkoako frontea (1936ko uztaila-urria): Nafarroako erreketeen erasoa jasan zuten Gipuzkoako lurraldeek.
- Legutioko erasoaldia (1936ko azaroa-abendua): Agirreren gobernuak Gasteizera iristeko asmoarekin erasora jotzea agindu zuen.
- Bilboren erorketa (1937ko apirila-ekaina): Armada frankistak aireko erasoaldiak eta artilleria erabili zituen. Nazionalak Bilbon sartu ziren (ekainaren 14-19).
3. Analisia
Testuaren hasieran garbi ikusten da Kontzertu Ekonomikoak ez zirela bando nazionalaren gustukoak. Dekretuaren sarreran bi arrazoi ematen dira:
- Bertako aldundiek eskumen gehiegi zeukaten (“autonomia zabalagatik”).
- Bertako biztanleek zerga gutxiago ordaintzen zuten (“karga publikoak altxatzeko ahalegin txikiagoa”).
Bando nazionaleko kide askorentzat kontzertuak pribilegioa ziren. Euskal probintziek erantzun desberdinak eman zituzten:
- Nafarroa: Leialtasunez jokatu zuten, eta Kontzertu Ekonomikoa altxamendu nazionalaren alde egiteko erabili zuten (“Nafarroa txit leiala”).
- Araba: Bertako instituzioek eta populazioak antzera jokatu zutenez, sistemak indarrean jarraitu behar zuen.
- Gipuzkoa eta Bizkaia: Traizioz erantzun zutela argudiatuz, Kontzertu Ekonomikoak deuseztatuak geratu ziren.
4. Garrantzia eta ondorioak
Testu hau oso garrantzitsua da, Gerra Zibilean Errepublikaren alde mantendu ziren zonaldeen kontrako errepresio politiko-ekonomikoa erakusten digulako. Frankoren erregimenak errepresio gogorra ekarri zuen:
- Errepresio pertsonala: Heriotza-zigorrak, erbesteratzeak, kartzelaratzeak eta isunak.
- Errepresio kulturala: Autonomia Estatutua deuseztatu zen eta euskararen zein euskal kulturaren aurkako zapalkuntza gogorra eman zen.
Franco hil eta gero, 1978ko Konstituzioaren babesean, Autonomia Estatutua (1979) eta Kontzertu Ekonomikoak (1981) berreskuratu ziren.