1876ko Konstituzioa: Berrezarkuntzaren Oinarri Juridikoa
Testuaren kokapena eta ezaugarriak
Testu hau, iturriaren aldetik, historiko primarioa da. Formaren arabera, juridikoa da, konstituzio bat delako, herri bateko lege funtsezkoa eta gorena. Egileak gizonezkoen sufragio unibertsalaren bidez hautatutako Gorteak dira, era guztietako diputatu monarkikoz osaturik zeudenak. Egileek ez zuten askatasun osoa izan idazteko, Cánovas del Castilloren kontrola erabatekoa zelako.
Espainiarrei zuzenduta dago, beraz, publikoa da. Kokapenari dagokionez, 1876ko ekainaren 30ean Madrilen datatua dago. XIX. mendearen hirugarren zatian kokatzen da, Seiurteko Progresistaren ostean, hau da, Borboitarren Berrezarkuntzaren hasieran, Alfontso XII.a erregea zelarik. Azkenik, testu honen asmoa egonkortasun politikoa bermatzea zen, marko juridiko-politiko berria ezarriz eta Alfontso XII.aren erregealdia sendotuz.
Edukiaren analisia: Artikulu nagusiak
Testu hau bi zatitan banatu dezakegu: sarrera eta artikuluak. Sarrerari dagokionez, Alfontso XII.ak Konstituzioaren aurkezpena egiten du eta Gorteekin batera adostutako erabakiak direla argi uzten du.
Artikuluen xehetasunak
- 11. artikulua: Eliza eta Estatuaren arteko harremanak jorratzen ditu. Estatua konfesionala dela eta erlijio ofiziala katolikoa dela dio, baina beste erlijioen kulto pribatua errespetatzen dela, adierazpen publikorik gabe.
- 13. artikulua: Gizabanakoen eskubideak aipatzen dira: iritzi edo adierazpen askatasuna, inprimatzekoa eta elkartzeko eskubidea.
- 18., 19., 20. eta 28. artikuluak: Botere legegileari buruzko xehetasunak ematen dituzte. Subiranotasun partekatua ezartzen da erregearen eta Gorteen artean (18), bi ganbarako sistema legegilea finkatzen da (19-20), Senatuaren osaketa elitista azaltzen da (20) eta Diputatuen Kongresurako hautaketa zehazten da (28).
- 50. artikulua: Botere betearazlea erregeak duela agertzen da.
- 75. artikulua: Berdintasun juridikoa onartzen da; ondorioz, Euskal Probintzietan foruak indargabetzeko prozesua agerian geratu zen.
Testuinguru historikoa eta sistema politikoa
Ekonomia eta Ogasunari dagokionez, gobernuak urtero Gorteen aurrean aurrekontuak aurkeztuko ditu eta ondasunen araberako ordainketa fiskala ezarriko da. Erregea izango da Armadako buruzagi gorena eta bere zeregina estatuaren defentsa izango da. Kulturan eta hezkuntzan zenbait erreforma egingo dira modernizatzeko nahiarekin eta analfabetismo tasa jaisteko helburuarekin.
Berrezarkuntza sistemaren oinarriak
Berrezarkuntza sistemak hiru oinarri nagusi zituen: 1876ko Konstituzioa, monarkia eta kazikismoa. Monarkia estatua bera zen eta kazikismoak sistema politikoaren mekanismoa ahalbidetzen zuen.
Sistema ezartzeko tresna nagusiak alderdi politikoak izan ziren. Estrategiaren oinarrian bi alderdi politikoen (kontserbadorea eta liberala) boterea modu baketsuan txandakatzea eta hauteskunde-prozesuetan iruzur egitea zegoen. Konstituzioa malgua eta anbiguoa izateak txandakatze baketsua errazten zuen.
Bi alderdi hauek Cánovasek gidatutako Alderdi Kontserbadorea eta Sagastak gidatutako Alderdi Liberala ziren. Alderdi-bitasuna 1885ean ofizialdu zuten, Alfontso XII.a hil ostean, Pardoko Itunaren bitartez. Haien jarduera nagusia hauteskundeak kontrolatzea zen, iruzurraz baliatuz. Hauteskunde-iruzurraren bi zutabeak oligarkia (Gorteetako kideak) eta kazikeak (nekazari-eremuetako jauntxoak) ziren. Konstituzio honek iraupen luzea izan zuen, 1931ra arte, Bigarren Errepublika aldarrikatu zen arte.
Garrantzi historikoa eta ondorioak
Aurreko 1869ko Konstituzioarekin alderatuz gero, testu honek atzerapauso handia suposatu zuen: monarkia demokratikotik aldendu zen, nazio-subiranotasuna desagertu zen eta eskubide politikoen bermea lausoagoa bihurtu zen. Cánovasek sistema egonkor bat eraikitzeko erabili zuen testu hau.
Testu malgua zen, bi alderdiek onartzea nahi zelako, gobernu aldaketa bakoitzean konstituzioa aldatzea ekiditeko. Horregatik, bere iraunaldia oso luzea izan zen: Alfontso XII.aren erregealdian, Maria Kristinaren erregeordetzan eta Alfontso XIII.aren erregealdiaren hasieran indarrean egon zen. Hala ere, sistema parlamentario hau oligarkiaren zerbitzura zegoen egitura bat besterik ez zen izan.