1876ko Konstituzioa eta Berrezarkuntza Garaia
1876ko Konstituzioa
Tipifikazioa
Aurrean dugun iturri historikoa 1876ko Konstituzioaren zati bat da. Lehen mailako testua da, garaiko informazio zuzena ematen duelako. Bertan, artikulu batzuk ageri dira Konstituzioa osatuz; beraz, testu politiko-juridikoa da. Gorteek idatzitako eta Alfontso XII.ak berretsitako testua da, eta testu publikoa da. Testua idatzi zen garaian, liberalek eta karlistek Gerra Karlistei amaiera eman zieten liberalen garaipenarekin, eta Berrezarkuntza garaia hasi zen, Alfontso XII.a errege zela eta Cánovas del Castillo gobernuburu. Konstituzio hau Foruak guztiz deuseztatu zirenean idatzi zen. Nahiko zabala zen, txandaketa politikoan aritzen zirenei egokitu behar zelako. Testu honen helburua Cánovas del Castillok ezarri nahi zituen oinarri juridikoak finkatzea izango da.
Ulerpena
Testua sarrera batez eta hainbat artikuluz osatuta dago. Sarreran, Alfontso XII.ak Gorteek idatzitakoaren gainean dagoela eta hori berresten duela adierazten du.
- Estatu konfesional katolikoa ezartzen da (11. art.).
- Herritarren eskubide batzuk agertzen dira, hala nola, adierazpen askatasuna (13. art.).
- Botereen banaketa agertzen da:
- Botere legegilea Gorteen eta erregearen esku geratzen da (18. art.).
- Botere betearazlea erregearen esku geratzen da (50. art.).
- Botere judizialean lege berdinak ezarriko direla jende guztiarentzat adierazten du (75. art.).
- Gorteak nola eratuko diren ere agertzen da. Gorte bikameralak izango dira, eta Senatu mistoa (26. art.) eta Diputatuen Kongresua (28. art.) osatuko dituzte.
Testuingurua
Seiurteko Iraultzaileak hondoa jo zuen Errepublikak porrot egin zuenean, eta Isabel II.aren semea, Alfontso XII.a, Espainiako errege izendatu zuten. Harekin batera, Berrezarkuntza garaia hasi zen Espainian (1875-1923). Garai honetan, monarkia berriz ezarri zen, eta monarkiarekin batera, Borboi dinastia. Berrezarkuntza garaian, alderdi politikoen arteko oreka eta adostasuna lortzen saiatu zen Cánovas del Castillo, Espainiako gobernuburu zela. Hori lortzeko, Cánovasek Alderdi Kontserbadorea sortu zuen eta sistema politikoaren oinarriak ezarri zituen.
Oinarri horietako bat 1876ko Konstituzioa izan zen. Horretan, subiranotasuna erregearen eta Gorteen esku zegoen. Erregeak ministroak izendatzeko, Gorteak biltzeko deia egiteko, Gorteak desegiteko eta legeei betoa jartzeko eskubidea zuen. Gorte bikamerala ezarri zen. Senatua nobleek, militarrek eta apaizek osatzen zuten, eta erregeak izendatuta edo sufragio zentsitarioz hautatzen ziren. Kongresua osatzen zuten diputatuek hauteskundeen bidez herritarrek hautatzen zituzten: hasieran sufragio zentsitarioz, eta 1890etik aurrera, gizonezkoen sufragio unibertsalez. Estatu konfesional katolikoa ezarri zen, sinesmen guztiak errespetatuz.
Konstituzio hura oso ondo zetorkien txandakatze politikoan aritu ziren bi alderdiei, oso malgua zelako eta bakoitza boterera iristean haien nahietara moldatzen zutelako. Txandakatze politikoan Cánovasen Alderdi Kontserbadorea (1875ean sortua) eta Sagastaren Alderdi Liberala (1880an sortua) aritu ziren.
Txandakatze sistema horretatik kanpo errepublikanoak, sozialistak, karlistak, katolikoak, tradizionalistak eta nazionalista sortu berriak geratu ziren, eta horiek sistema politiko berriaren aurka altxatu ziren, sistema horrek ez zituelako haien beharrak betetzen.
Jauntxokeriak, sistema horren azken oinarriak, manipulatu zituen hauteskundeak, batez ere nekazal guneetan. Jauntxoen botoa kontrolatzen zuten, eta azken emaitzak haien nahietara manipulatzen zituzten. Horrek txandakatze politikoan bi alderdi bakarrik egotea ahalbidetu zuen.
Konstituzio honek 1931ra arte iraun zuen, nahiz eta Primo de Riveraren diktaduran baztertuta egon; II. Errepublika hasi zenean, guztiz baztertu baitzen.
Balorazioa
Testu honen laguntzaz, Joaquín Costak Berrezarkuntzako sistema gogor kritikatzen du, sistemak dituen akatsak eta ustelkeria adieraziz, hauteskundeetan tranpak, adibidez. Nahiz eta sistema liberala ezarrita egon, Cánovasen sistema politikoan liberalismoaren printzipioak bertan behera utzita zeuden: nazio-subiranotasuna, aginte-banaketa, sufragio unibertsala, iritzi-askatasuna… Nazioa oligarken menpe zegoen Costaren dokumentuan agertzen denez, ez ziren bete erregimen liberalaren printzipioak.